Onenen artean
Duatloian gazteena hasi zen lehenengo. “Afizionatuetako ibilia amaitu ostean korrika hasi nintzen eta txirrinda ere ez nuen erabat utzi. Orduan jakin nuen proba hauek bazirela eta animatu egin nintzen”, zehaztu du Patxik. Duatloiaren mundua gustatu eta handik urte gutxira anaia ere animatu zuen proba hauetan parte hartzera. Eta baita Euskadiko txapelketa irabazi ere. “Bi aldiz jarraian irabazi nuen Euskadiko txapelketa, 2004ean eta 2005ean”, zehaztu du Luis Marik. Patxi ere ez da kamutsa ordea, hiru aldiz irabazi baitu duatloiko proba ezberdinak kontuan hartzen dituen Euskal Herriko Zirkuitua. Orain gutxi gainera, hilaren 21ean, Euskadiko txapelketa irabazi du distantzia luzean. “Distantzia luzeko duatloia askoz ere gogorragoa da. Proba ona egitea zen nere helburua eta gustora nago”.
Beraz, aurten gazteena forma hobean dago. “Urteekin errekuperatzea gehiago kostatzen da”, nabarmendu du Luis Marik. Horrez gain, entrenatzeko ere denbora gehiago du Patxik. “Arratsaldero batera entrenatzen dugu korrika, baina nik eguerditan ere entrenatzen dut, bizikletaz”, zehaztu du anaietan gazteenak . Luis Mari ordea, eraikuntzan aritzen da lanean eta ez du nahi hainbeste denbora entrenatzeko.
Triatloirik ez
Duatloi ugari eginagatik, triatloietarako jauzia ez dute eman bi anaiek. “Ez dut uste triatloirik egingo dudanik. Igeri ibiltzen naiz neguan baina konpetitzeko beste konfidantza puntu bat behar da” dio Patxik. Gainera, Luis Mariren ustez, “ duatloiak intentsogoak dira, triatloietan igeriketak asko sakabanatzen du jendea”.
Aurtengo denboraldian, hurrengo proba garrantzitsua Frantzian dute, duatloien munduko kopako proba batean parte hartuko dute udan. “Euskal Herrian gero eta jende gehiago dabil duatloi munduan, baina beste herrialdeetan daude kirol honetako onenak”, zehaztu du Patxik. Onena izanda ere, oso zaila da kirol hauetatik bizitzea. “ Gure kasuan, ekonomikoki galera handiagoa da irabazia baino”. Hori horrela izanda, egunero entrenatzera zerk bultzatzen dituen galdetuta, garbi azaldu du Patxik. “Gustagarria da lasterka egin eta ahal duzuna eman duzula sentitzea, zeure mugak gainditzea”.
Dudarik gabe, Urizar anaiek zainetan dute kirol grina.