IBILBIDE IKUSGARRIA
Erromako Coliseo aurretik irteteak duen xarma bereziarekin abiatu ziren, maratoiak dituen 42,195 kilometroak burutzeko asmoz. “Maratoiko egunean, 23 gradu eta %80-ko hezetasunarekin irten ginen, martxoa izateko bero handiegia”, adierazi dute parte hartzaileek. Maratoia bera gogorra izateaz gain, pabe motako 7 km ditu bertako lurrak. Irteeran 12.000 pertsonatik gora ziren, hiru andoaindarrez gain, Euskal Herritik joandako beste hainbat korrikalari ere bazen.
Maratoiak Erroma ikusteko aukera asko uzten du, lasterketako % 80 Erroma barruko kaleetan korritzen delako. “Lasterketan zehar, Vatikanoa, Fontana de Trevi, Piaza del Popolo eta Circo Máximo bezalako lekuetatik igarotzeko aukera izan genuen”. Ikusle ugari bildu omen zen bertara, baina andoaindarren ustetan oso animazio gutxi jaso zuten. Maratoia bera oso gogorra egin zitzaien hiruei. Hasieratik Joseba aurretik irten zen eta Gorka eta Unai atzerago. Maratoi erdira arte ondo joan ostean, arazo batzuk zirela medio, oso luze egin omen zitzaion maratoia Unairi; hala ere, Gorkaren laguntzarekin bukatzeko moduan izan zen. Azkenean hirurek bukatu zuten, Josebak 3,08an eta Gorkak eta Unaik 3,37 minututan. Hoberenak, hala ere, maratoi osteko egunak izan omen ziren, bertako pasta eta garagardo mota ezberdinak probatzeko aukera izan baitzuten. Eta, besterik gabe, hurrengo urteko maratoia pentsatzen duten bitartean, ezin izendatu gabe utzi maratoia prestatzeko izan dituzten lagunen izenak: Imanol, Joxan, Iker, Juani, Kanixi, etab.