Kirol grinak sentimendu gazi-gozoak sortarazi ditu. Gozo hasi zuen denboraldia Bruesa taldeak, milaka zaletuen hatsak bide zailean aurrera egiten lagundu zien. Denboraldiaren amaieran, berriz, gozoa zena gazi bilakatu da. Saskibaloia kirola da eta tajuzko emaitzak lortzen ez dituenak maila galtzen du. Horrek ez du itzulbiderik eta horregatik Miguel Santosen taldeak hurrengo denboraldian LEB mailan jokatuko du. Jaitsi aurretik sobera erakutsi du Gipuzkoako basketa ACBkoa dela. Estatu osoan ez dago zaletu gehiago biltzen duen talderik. Klubak zaletuak zaindu ditu familia osoa Illunbera elkarrekin joateko moduko sarrera merkeak ipiniz. Milaka izan dira, bazkide eginez, konfidantza eman duten zaletuak. Baina esan bezala, kirolean emaitzak dira benetako epaileak. Bruesak 16 talde hobeago aurkitu ditu ACB ligan eta horregatik bigarren mailako infernura jaitsiko da berriro.
Andoaindarren hatsa
Ziurrenik merezi gabeko sariarekin galdu du lehen mailako txartela. Denboraldi osoan ilusioa piztu dute gipuzkoarren artean. Salbazioa posible zela ikusi da azken unerarte. Ertz horretan mugitu da lehen jardunaldia hasi zenetik. Baina azken jardunaldietan garaipenik lortu ez eta zulotik irten ezinik geratu da saski taldea.
LEB 2, LEB 1, ACB... urte gutxian igoera meteorikoa izan da. Bruesa taldeak zaletu biziak izan ditu, horien artean bereziki Andoaingoak. Hauek bai, ACB mailakoak dira. Bejondeiela, lehen mailako taldeen aurkako partidatan Gipuzkoa Basket animatzen izango dira laster.
Kritikak amaierarako utzi
Horixe da Realak aspaldi egin behar zuena. Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen denboraldia salbu, txuri-urdiñak sailkapenaren behekaldean izan dira urtero-urtero. Denboraldien plangintza eskasak eta egindako fitxaketa kaskarrek zerikusia izan dute horretan. Aurtengoa da horren adibide. Claudio Bravo izan da maila eman duen bakarra. Ezer gutxi erakutsi duen Rivas fitxaketarik garestiena izan zen. Zer esan Gerardori, eta batez ere Juanitori buruz. Rossatorekin izandako ika-mikarengatik baino ez da hitz egin Juanitori buruz, garbi geratu da ez dela Lehen Mailako jokalaria. Jose Mari Bakerori taldearen ardura guztia eman zitzaion, baina zazpi jardunaldiren ostean bota egin zuten. Ulertezina. Zein zen zuzendaritzaren proiektua? Bat bera ere ez. Proiekturik gabeko taldea da Reala azken urteetan. Ondoren Lotina etorri zen. Meñakakoak hainbeste gol ez jasotzea lortu zuen, baina erasoan ezer gutxi. Aurrelariak kamuts ibili dira.
Azken emaitzen ondoren, esperantza apur bat sortu da zaleen artean. Zaletuentzat miraria litzateke mailari eustea. Eta aukera, egon badago, orain. Denboraldi osoan ez bezala. Realak mailari eusten badio kazetariak Karibera eramango zituela agindu zuen Lotinak. Batzuk Karibera eta besteak Lourdesera. Erromes joateko modukoa litzateke, egoera hain ilunetik irtetea lortzen badute.
Horregatik, kritika denboraldi amaiera arte uzteko garaia da. Zulo beltzean argia ikusten den honetan kritikak alde batera utzi behar dira Realari azken hatsa emateko. Gogor egin beharko da mailari eustea lortu arte.
Jokalariak, agintariak eta zaletuak espero ez zuten aldeko faktorea izaten ari dira: 2006-2007koa oso Liga eskasa izaten ari da. Hori pagotxa hori Aranburu, Rekarte eta enparauentzat. Goitiberak Goiburutik jaisten diren abiadura berean zijoan Reala Bigarren Mailara. Ligaren maila eskasean aurkitu du heldulekua Lotinaren taldeak. Lehen postuetan inork ez du aldea handitu nahi. Barça, Sevilla eta Madril estu-estu. Eta atzean, Celtak eta Levantek ez dute Realarekiko tartea handitzen asmatu. Eta larrutik ordainduko dute.
Infernura Reala joango bada, askotxo dira sugarretan erreko direnak. Athleticek laguntzen badio bidean, kalbarioa ez da hainbestekoa izango. Nolanahi ere, hausnarketa sakona egin behar dute kudeatzaileak aukeratzen dituzten agintariek.
Gero gerokoak, bitartean heldu eskutik eta Aupa oihukatu behar. Bruesak ez du lortu, ea Realak.