Urnietako Udalak apirilaren 16an eginiko osoko bilkuran 3.300.000 euro herrian hainbat proiektu bultzatzeko bideratzea onartu zuen, hala nola Etxeberri plazan lokalak erostea edo kiroldegia zaharberritzea. Aipaturiko diru-kopurua altxortegiko soberakinari dagokio, eta gauzak horrela, Udalak ez du zorpetu beharrik izango inbertsio hauek egiteko, eta era honetan 2003ko legegintzaldiaren hasieran aurkitutako zorpetze-maila berberari eutsiko dio.
Aurrekonturik handiena, 1.239.000 euro, Etxeberri plazan 3.800 metro karratuko azalera duten lokalak erosteko jarduketari dagokio. Udalak babes ofizialeko 100 etxebizitza kokatzen diren eraikinaren beheko solairua eta solairuartekoa erosiko ditu, eta bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hurrenez hurren eraikiko dituzten Eguneko Egoitza eta anbulatorio berria instalatuko dira. Beste 60.000 euro Idiazabal kaleko 46an tutoretzapeko etxebizitzak hornitzeko bideratuko dira, egun abian dagoen Mugikortasun Planaren garapenean inbertitzea aurreikusitako kopuru bera.
Udaleko Osoko Bilkurak onarturiko kredituen aldaketak ere milioi bat eurotik gorako partida bat sortzea aurreikusi du, udal-kiroldegian, aurrera begira, egin asmo diren zaharberritze-lanekin sortuko diren kostuei aurre egiteko balioko du.
Bestalde, aparteko Osoko Bilkura berean Etxeberri plazan babes ofizialeko 10 etxebizitza erosteko 1.290.000 euro inbertitzea onartu zuen. Kasu honetan, milioitik gorako kopuru hau ez dator altxortegiko soberakinetik, Udalbatzak finantza erakunde bati eskatu dion kreditu batetik baizik, udalak kudeatutako gizarte-alokairuko etxebizitzak sortzearen aldera.