ZERBITZUEN LEKU ALDAKETA
Egun, Lekaion edota Saroben antolatzen diren zenbait ekitaldi edota bi gune horiek eskaintzen zituzten hainbat zerbitzu Mikaelaeneara lekuz aldatuko dira. Liburutegia adibidez. Gela handi batek, haurrentzako beste batek, helduentzako ikasgelak eta hemerotekak osatuko dute. Eraikinaren beste zati bat erakusketak antolatzeko baliatuko da. Ezkontza zibilak, sariketak, omenaldiak edota aurkezpen publikoen gisako ekitaldi instituzionaletarako Udalarentzat ekitaldi areto bat ere zabalduko da. Horrekin guztiarekin batera, Udalak barne kudeaketarako zenbait bulego ere bertan izango du. Udal jarduerak antolatu, herritarrei harrera egin edota bilerak egiteko.
Mikaelaenea berriko ateak zabaltzean, kulturguneak honako azalera izango du; 100 metro karratuko sotoa bi biltegirekin, 348 metro karratuko behe eta lehen solairuak eta 210 metro karratu izango dituen bigarren solairua. Guztira mila metro karratu pasatxoko azalera izango du berritua izango den eraikinak. Lan prozesu horren barne, gainera, eraikinaren atzekaldea, Kiroldegi aldera begira dagoena, handitzeko asmoa dago. Beraz, 135 metro karratu haziko da egungo eraikina. Hartara, ondoko etxearekin, Matxonearekin lerrokatuta geratuko da. Helburu bikoitza dute egin beharreko handitze lanek; ingurunera egokitzea eta horren bidez, baita lekua irabaztea ere.