Ainhoa Jauregi, Urnieta-Adarramendin lehena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko api. 17a, 21:39

Urnieta-Adarramendi herri krossean parte hartu eta helmugara iristen lehena izan zen emakumeen artean. Heziketa Fisikoan lizentziatua, egun, irakasle lanetan dabil. Aitarengatik hain errotua duen ohitura bat irakasten; ikasleei kirolerako zaletasuna pizten. Kirolik gabe ez litzatekeela pertsona bera izango uste du. Baina lehiarik gabeko kirolaren defendatzaile sutsua da. Erronkarin bizi den 27 urteko urnietarra da Ainhoa Jauregi.

Etxean saritu zaituzte. Jaioterrian saritzeak zer sentsazio ematen du?
Ainhoa Jauregi: Ona. Eskertzekoak dira jendearen partetik jasotako zorion keinuak, baina guztiaren gainetik garrantzitsuena norbera bere buruarekin gustura egotea da.  Azken urteetan, astebukaeratako urnietarra izan naizela jakinda, bizi naizela gogorarazteko ere ez da modu txarra.
 
Urnieta-Adarramendi probaren gogortasuna batetik hamarrerako eskalan. Zer puntuazio emango zenioke?
A.J.: Batzuek kontrakoa pentsatuko duten arren, zortzikoa emango nioke. Bi arrazoi daude hamarrekoa ez emateko; batetik, ez da oso distantzi luzea eta bestetik, oinez egin nituen bide-tarte asko korrika egin daitezkeela pentsatzen dut. 
 
Bestela, urtean zehar horrelako probatan parte hartzeko ohiturarik ba al duzu?
A.J.: Lehen aipatu bezala, duela urtebetera arte aerobikeko eta spinnin-eko klaseak ematen nituenez, lanaz aparte aisialdi kirolak bakarrik praktikatzen nituen. Ordutik, froga motzetan parte hartzen hasi nintzen. Baina momentuz froga hauek kirola praktikatzeko motibazio gisa erabiltzen ditut. Neure buruarengan hobekuntzak bilatzen saiatzen naiz. Helburu nagusia ez da marka, ondo sentitzea baizik.
 
Oro har, horrelako kirol probatan emakume gutxik parte hartzen dute?
A.J.: Fisikoki  gizonezkoak emakumezkoak baino azkarragoak eta indartsuagoak direla jakina da. Ondorioz, ikuskizun handiagoa eskaintzen dute. Hala ere, gaur egun,  proba askotan berdintasuna bilatzen da sarietan, podiumean... Nire iritziz, emakumeak gizartean duen rola aldatzen ari da pixkanaka eta ondorioz, parte hartzea ere igotzen ari da. Prozesu horren sujetu nagusiak gu izanik, uste dut, guk dugula datu hori aldatzeko tresna.
 
Zure burua korrikalaritzat edo atletatzat duzu? 
A.J.: Ni ez naiz ez korrikalari, ez atleta sentitzen; ni kirolari sentitzen naiz. Nire denbora librean korrika, patinatu, eskiatu, mendia, txirrindan edota palan aritzen naiz. Hori da gustatzen zaidana, nahi dudanean nahi dudana egitea! Eta gezurra dirudien arren, lehiarik gabeko kirolaren defendatzaile sutsua naiz. Kirola balore positibo asko transmititzeko tresna da; laguntasuna, hobetzeko sakrifizioa, autoestima. Gaizki erabiliz gero, ordea, oso arriskutsua gerta daiteke. 
 
Zeintzuk dira, aurrera begira dituzun kirol hitzorduak?
A.J.: Frogaren batean parte hartzeko nahiko motibatua nago, baina ez dut ezer zehatzik hitz emana. Gustora banabil eta frogaren bat badago, aterako naiz. Baina besterik gabe.  Aurrerantzean eta eguzki izpien laguntzaz bizikleta eta mendia egiteko asmoa dut. Nire lanak Isaban bizitzera behartu nauenez, bertako inguruneak eskaintzen dizkidan aukerak aprobetxatzen saiatzen naiz. Etxean nagoenean lanetik atera eta eskiatzera joateko aukerarik ez dut. Isaban aldiz bai! 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!