Aitor Amutxastegi, Larramendi Bazkuneko idazkariak; Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak eta Amaia Goikoetxea 111 akademiako koordinatzaileak hartu dute hitza aurkezpen ekitaldian. Aitor Amutxastegik egitasmoaren nahiz ekimenaren bultzatzaileen aurkezpena egin ondoren, Jon Unanueren txanda izan da. "Liburu asko eta asko argitaratzen da, baina uste duguna baino irakurle gutxiago du euskal literaturak. 111 akademiaren helburua euskal literatura suspertu eta sustatzea da". Erronka zaila dutela abiapuntu azaldu du Unanuek. "Orain artean 60 bat epaimahaikidek osatu dute Epaimahai Orokorra. Urtetako esperientziak erakutsi duenez, ez da lan erreaza. Baina bi aukera genituen: Egitasmoa bertan behera utzi edo, indartu eta epaimhaia zabaltzeko aukera egin. Bigarren bidea hartu dugu eta helburua lortzeko, irakurleengana gerturatuko gara aurkezpenak eginez". Euskal literatura irakurtzen dutenen akademiako kideek bi eginbehar izango dituzte hasiera batean: "batetik, irakurtzen dituzten liburuen inguruko iritzi eta iruzkinak bidaltzea eta bestetik, Beterriko Liburua literatur aipameneko saria nori eman erabakitzeko proposamena egitea". Aurrerago, solasaldi, mahai-inguru nahiz txangoetan parte hartu edo liburuak erosteko garaian, beherapenak izango dituztela aurreratu du Unanuek. Egitasmoaren izenaren abiapuntua ere azaldu du. 100 zenbaki mugatu eta 11 mugagabearen arteko jolasa dela esanez. Eta akademia hitzari seriotasuna kendu eta literaturaz era naturalean hitz egitea lortu nahi dutela azaldu du.
Amaia Goikoetxea alegiarrak koordinatuko du akademia. "Oraingoz 111 partaide onartuko dira. Gehiago bilduko balira, ordezkoak izango lirateke". Akademiako kideak Euskal Herri guztikoak izango dira eta euskal hiztun kopuriaren arabera lurralde bakoitzean zenbateko jakina bilatuko dute, eskualdeka: "Gipuzkoan 46, Bizkaian 32, Nafarroan 17, Araban 8, Lapurdin 3, Behe Nafarroan 3 eta Zuberoan 2". Oraingoz 43 kidek osatzen du akademia eta hurrengo hilabeteetan 111rako jauzi hori egin nahi dute. Horretarako, herrietako euskara elkarteen bidez, bost aurkezpen lotuta dituzte dagoeneko:
- Apirilak 25, Donostian. Bagara euskara elkartearen bidez.
- Maiatzak 2, Azkoitin. Maxixatzen euskara ekartearen bidez.
- Maiatzak 16, Ordizian. Hitzaro euskara taldearen bidez.
- Maiatzak 22, Durangon. berbaro euskara taldearen bidez.
- Maiatzak 28, Bilbon. Zenbat gara euskara taldearen bidez.
Eskualdeko irakurle berriren batek parte hartu nahi izanez gero, belisari@topagunea.com helbide elektronikoaren bidez edo 943 696 450 telefono zenbakira deituta aurkituko du informazio gehiago.