Martxoaren hogeita hamarrean Andoaingo Udaletxean egin zen batzarraldian gatazka politikoaren inguruko ezatabaidak bigarren maila batean utzi zituen herriarentzat interes handikoak diren beste aztergaiak. Bereziki sutsua izan zen PPko Canoren eta EAJko Egibarren arteko ika-mika. Gai zerrendan, Eudel udaletxeen elkargoak bakegintzaren inguruan martxan jarritako egitasmoa mozio bidez aurkeztu zuten jeltzaleek. Instituzio honek Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu du bakegintzan herriz herri sakontzeko. EAJ alderdiak batzarraldia hitzarmen honen alde agertzea nahi zuen. PSE-EE eta PP alderdiak aurka agertu ziren. Sozialisten izenean Amutxastegik gogoan izan zuen Ermuko foroko kide batek Bilbon pairatu zuen erasoa. Eta zera gaineratu zuen, “Andoaingo PSE-EE alderdiak uste du Ibarretxek ez lukeela deklaratu behar Batasunarekin biltzeagatik”. Erantzun deigarriena PPko Canorena izan zen. Zera adierazi zuen, besteak beste, “Ez dut bakea eraikitzearen beharrik sentitzen. Ni bakean sentitzen naiz. Biolentziarekin amaitu behar da eta hori ez da mozioan aipatzen”.
EAJkoen izenean Egibarrek zera erantzun zion, “Barkatu, baina zu ez zara egoera normalizatu batean bizi. Besteak beste, eskolta daramazu”. Eztabaida leundu beharrean ozpindu egin zen eta bien arteko eztabaidak luze jotzen zuela ikusita alkateak bozketara eraman zuen gaia.
EA eta IU alderdiak jeltzaleen mozioaren alde agertu ziren. Huitzik adierazi zuen “gu, noski, ados gaude. Arraroa iruditzen zaiguna da mozioa elkarrekin aurkezteko aukera ez ematea”.
Batzarraldian ere gai hauek aztertu ziren: Musika Eskolako edota Galardiko tasak, Zaharren Egoitzako obra osagarriak, SAPArekin sinatutako hitzarmena.
Agintaldi osoan egin bezala, EAJ-k euskararen araudia errespetatzeko eskaera egin zuen.