Kaltzadaberrieta baserria eraitsi dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko api. 17a, 11:28
Atzo eraitsi zuten Oztaran auzoan kokatuta zegoen Kaltzadaberrieta baserria.

Urnieta eta inguruetan Zibulio izenarekin ezagutzen zen baserri hau duela urte batzuk arte taberna eta jatetxe ezaguna izan zen.

Bertan bizi zen Katalina Lertxundi, baita ere bere ahizpa Axentxi, etxera ezkondutako alaba batekin. Guztiek pasa zen udan utzi zuten etxea. Orain, leku horretatik 20 metroko sakonera batean joango den Urumeako autobideak hartuko du bere lekua.

 

 

AIURRIK MARTXOAN ARGITARA EMANDAKO ERREPORTAJEA

KALTZADABARRIETA ERAITSIKO DUTE 

Eta badirudi, hurrengoa, Almortzategi izango dela. Azken boladan hondea makina eta kamioi ugariz inguratuta dagoen Kaltzadaberrieta ere ez da libratuko. Ondo ondotik igaroko baita errepide berria.

Zibulio izenarekin ezagutzen den baserri handi hau, Urnietako Oztaran auzoan kokatua dago, Mandazubiko gainetik Santa Barbara aldera doan errepidearen eskuineko aldean.
Iazko udan utzi zuten etxea, bertan bizi ziren Katalina eta Axentxi Lertxundi ahizpek, eta azken honen alaba batek, bere familiarekin. Etxe ondoko sagastiarekin batera, intxaurrondoak eta “hain ezagunak” ziren bide ertzeko gereziondoak ere eraitsi badituzte ere, Axentxiren alaba bat, Arantxa Aierza, joaten da egunero bertara, han dituzten oiloei jana eman, eta uzten dioten arte, etxea maitasunez handiz zaintzera.

Zibulio oso ospetsua izan zen garai batean, ingurukoak ibiltzen ziren sagardotegi izatetik, taberna eta jatetxe izatera pasa zenean. Urnieta, Hernani eta Donostiatik ere jende asko etortzen zen bertako famili giroko otorduak egitera. Gogoan du Arantxak, hirurogeiko hamarkadan, industrigintza zabaltzen hasi zenean, “seiscientos” famatu hura erosi eta nola jendea, pixkanaka, etxetik ateratzen hasi zen bazkaldu edo afaltzera. “Industriak mugitu zuen dena”. 1991. urtean itxi zen jatetxea.

Leizezuloak

Etxekoek,betidanik ezagutu dituzte, “bertara sartzeko aukerarik ez dugu izan” dio Arantxak. Nahiz eta etxean betidanik entzun izan duen osaba behin sartu zela, jadanik, obrak direla eta desagertua den etxe ondoko zulo batetik. Duela urte batzuk Diputazioaren aginduetara egin zituzten ikerketa batzuk, “baino egindako balorazioez guri ez digute ezer esan”. Garai batean, Arantzadikoak ere ibili ziren bertan. Ukuilu berria egin zutenean ere, bertatik hartu zuten harria paretak egiteko eta han ere zulo handi bat agertu zen, obrako zakar guztiak bertatik behera bota zituzten.

datorren errekatxoa ere baserri ondoan lurpera sartzen da, eta denen ustea, ur hauek, Mandazubiko errekara zihoazela baldin bazen ere, koloreztatzaile bat erabiliz eginiko froga baten ondoren, harriduraz jabetu dira, Hernanin, Kaleras izenarekin ezagutzen den lekuan agertu direla.“Errepidea egindakoan arazorik ez izateko borrokatzen ari naiz hemengo urak behar bezala bidera ditzaten”. Kasurik egingo dioten esperantza handirik ez du, halere.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!