Martxoa hasieran abiatu ziren bost kirolari euskaldun Suedia aldera. Vasaloppet izeneko kkirol frogan parte hartzea zen bidaiaren helburu nagusia: “Iraupen eskiko frogarik garrantzitsuena eta famatuena da. 90 kilometroko luzera du eta 15.000 pertsona inguru ateratzen da urtero. Kirol froga gogorra izateaz gain, suediarrentzat, eta bertara hurbiltzen direnentzat, jai handi bat ere bada. Gu bost pertsona joan ginen hemendik. ETBk erreportaia bat egin nahi zuen eta gu parte hartzera animatu ginen”, dio Isabel Dumallek.
1922an jarri zuten martxan Vasaloppet eta honenbestez, mota honetako frogarik zaharrena da. “Andoni Aizpuru ETB telebistako aurkezlea iaz joan zen froga ikustera eta aurten ateratzeko gogoa piztu zitzaion. Telebistarako zerbait egitea ere bururatu zitzaion eta berak jarri zuen martxan proiektua. Josu Iztueta eta Andoni bera dira erreportaiko protagonista nagusiak eta haiekin batera, beste hiru pertsona ere joan ginen frogan parte hartzera, Raul, Jose Luis Aduriz eta neroni”, azaldu du.
Bost egunez egon zen boskotea Suedian, frogarako entrenamenduak egiten. Martxoaren 4an, igandearekin egin zen froga, goizeko 08:00etan hasita. “Martxoko lehen igandean egiten da beti. Froga gogorra da. Jose Luis eta Josu erretiratu egin ziren, baina beste hirurok froga amaitzea lortu genuen. Hemendik joan ginenean horixe zen nere helburua, amaitzea, ez nuen denbora kontuetan pentsatu ere egiten”, azaldu du Isabelek. “Han bertan, ondo ikusi nuen neure burua eta pozik nago egindakoarekin, indartsu bukatu nuen. Entrenatzeko garaian, asko eskiatzea oso garrantzitsua izatean da, giharreak ohitzeko. Aurten, ordea, oso negu txarra egin du horretarako. Hamabi bat aldiz joan nintzen eskiatzera, prestatzeko, eta astean zehar korrika egitera edo bizikletan ibiltzera ere joaten naiz. Azken urteotan ez dut asko eskiatzerik izan, hiru haur ditudalako, baina denbora gutxi dudan arren, saiatzen naiz kirola egiten. Banekien Vasaloppet bukatzeko moduan nengoela, baina ez nekien nola aterako zitzaidan eta pozik geratu naiz egindakoarekin”, gehitu du.
Baldintza gogorrak
“Vasaloppet oso froga gogorra da. Suedian egiten da eta han normalean tenperatura oso hotza izaten da, zero azpitik 10-15 gradu artekoa. Aurten ordea, 0 gradu inguru zegoen, guretzako primerakoa. Elurra, ordea baldintza zailetan jarri zen tenperatura altu horren eraginez eta horrek gogortasun handiagoa erantsi zion”, dio Isabalek. “Iraupen eskian bi teknika ezberdin daude; klasikoan bi eskiak paralelo mantendu behar dira, librean berriz ez. Vasaloppet froga estilo klasikokoa da eta oso garrantzitsua izaten da eskiari azpialdetik argizari egoki bat ematea, eskia atzealdera irrista ez dadin. Ez bada modu egokian ematen, oso zaila da aurrera egitea. Frogako egunean egin zuen tenperaturan, ordea, oso zaila da argizari egokia aurkitzea, elurra aldatzen ari delako. Hango jendea ez dago ohituta baldintza horietara eta jendea oso nekatuta ikusten zen. Guk ordea askotan eskiatu izan dugu baldintza horietan, hemen ohikoagoa delako. Argizariarekin asmatu egin genuen, eta ondo amaitu nuen froga. Ia frogaren hasieratik jendea aurreratzen hasi nintzen eta horrek indarra eman zidan. Hasi baino lehen, banuen pajararen beldurra, baina zorionez, ez nuen horrelakorik izan”, azaldu du.
Postu hobea
Ez da Isabelek Suediako iraupen eski frogan parte hartzen duen lehen aldia: “Duela hamaika urte egin nuen Vaseloppet froga hau. Orduan 7 ordu eta 12 minututan egin nuen eta aurten, 7 ordu eta 40 minututan. Denbora okerragoa izan arren, postu hobea lortu dut. Ondo bukatu nuen froga, nekatuta, baina lehertu gabe. Disfrutatu egin nuen”, gehitu du.
“Froga hau oso garrantzitusa da Suedian, kirol froga baino gehiago dela esan daiteke. Urtero 15.000 pertsona inguru ateratzen da. Pertsonaia asko ikusten da. Eskia modu erromantikoan ikusten dutenak, esaterako. Adinez aurrera joandakoak eta froga eski zaharren gainean burutzen dutenak. Frogaren inguruan ekitaldi ezberdinak antolatzen dira eta 1000 pertsona baino gehiagok parte hartzen du antolaketa lanetan. Oso ondo antolatuta dago”, dio Isabelek.
Isabel Jacakoa da eta hamairu urterekin hasi zen eskaitzen: “Orduan, eskian hasteko adin egokia zela pentsatzen zen, gaur egun lehenago hasten dira. Iraupen eskian hasi nintzen eta hori izan da nire kirol erreferentzia. Orain ahal dudan neurrian jarraitzen dut kirola egiten. Askotan joaten gara Jacara, bai eskiatzera baita familia bisitazera ere”, dio Isabelek. “Iraupen eskiak indarra ematen dizu berehala. Gorputzeko muskulu guztiak indartzen dira, baina behartu gabe. Irristatzen zoaz eta ez da korri egitea bezain gogorra. Nekatu egiten du, baina beste maila batean”, dio Isabelek.