Pragmatismoaren aurrekontuak direla esan daiteke. Udaleko kontuak EAJ/PNVren aldeko sei botorekin, PP alderdiko zinegotziaren abstentzioarekin, eta IU/EBko ordezkariaren eta PSE/EE alderdiko lau zinegotzien aurkako lau botorekin onartu dira.
Prentsa oharrean zera adierazi du Udalak, "Partida desberdinen esleipena Udalaren barneko funtzionamenduari eusteko intentzioarekin egin da; gauzak horrela, aurrekontu hauetan ez da jasotzen herriko biztanleei erasango dien proiektu garrantzitsurik.
Horregatik, inbertsioetara bideraturiko partidak ez du aurrekontu guztiaren %10a ere hartzen, 770.970 euro baino ez baitira horretara xedatu. Halarik ere, 2006ko abenduan 2.496.000 euroko kredituen aldaketa bat onartu zuen Udalak lokalak eta etxebizitzak erosi ahal izateko, orotara 3.267.000 eurokoa da inbertsioetara bideraturiko diru-kopurua, eta 2007an gauzatuko dira.
Bideak konpontzeko, haurren jolastokiak mantentzeko eta berriak egiteko, eta semaforoak zaindu eta instalatzeko lanetan egingo dira inbertsiorik handienak, maiatza bitartean gauzatuko diren beste jarduketa batzuen artean.
Gastuaren partida handiagoa jasotzen dute aurrekontuek Haur eta Gazteria Plana aurrera eraman ahal izateko; alabaina, diru-sarrerak maila ertain batean mantentzen dira, kontuan izanik gurea ez dela izaera txit industriala duen herria. Kontu hauen onarpenak ematen dio amaiera 2004ko aurrekontua onartu zeneko legealdiari, 2005ekoa atzera bota eta 2006an onartu gabe utzi zenekoari, baina, nolanahi ere, kredituen aldaketak onartu ziren, eta Urnietan hainbat jarduketa burutzeko aukera eman dute".