EAJ alde, PSE-EE eta EB aurka, eta PP abstenituta. Horixe da aurtengo udal aurrekontuak onartzeko bozketak utzitako emaitza.Udal gobernu taldeak funtzionaltzat definitu dituen aurrekontuek desadostasun ugari eragin dute. Sozialistek, udal langileei zuzendutako diru partidak gehitu badituzte ere, horrek egun dauden arazoak ez dituztela konpontzen adierazi dute. Berriki argitaratutako Agenda 21-en liburuxka ere hauteskunde propagandatzat jo dute. Ezker Batutik herri hondakinen inguruan sortutako foroari jarraipenik ez dela eman adierazi da. Horrekin batera, ordezkari Juan Mari Tomasenaren esanetan, udal langileen antolaketa arazoei konponbidea aurkitzeko borondaterik ez da egon. PP-ko udal ordezkari Asun Guerrak aurrekontuak ez onartzea, azkenean, hiritarren kalterako dela adierazi du. Baina hainbat diru-laguntza partidekiko desadostasuna agertu du. Oposizioko ordezkari guztiek zenbait udal komunikabideren pluraltasun falta ere kritikatu dute.
Ezker Batuak eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako mozioak tarteko, erraustegiaren gaiak aspaldi izan ez duen zeresana eman du. Ika-mika ugari eragin ditu. Ezker Batuak aurkeztutako mozioan, erraustegiaren aurkako jarrera agertu eta erreferenduma egiteko dei egiten zion udalbatzari.
PSE-EEk gai beraren inguruan aurkeztutako mozio alternatiboan, Ezker Batuak hondakinen kudeaketaren gaiarekin lotuta proposatu izan dituen alternatibak ahotan hartu ditu. Udal ordezkari sozialista Herme Gonzalezek EB-ari hondakinen kudeaketaren ardura bere gain hartzea proposatu dio. Bere esanetan, funtsik gabeko hainbeste eztabaidak amaitu daitezen eta EB alderdiak aurkeztu dituen hainbat irtenbide aplikatzeko. Udal taldeak egindako hausnarketaren ondorioa dela argudiatu du.
Gainerako udal taldeen aldetik, intentzio txarrik ez zegoela adierazita, Tomasenari, EB-ari eta erakundeei barre egitea dela erantzun diote. Azkenean, gainerako udal taldeen erreakzioa ikusita, Gonzalezek berak sozialistek aurkeztutako mozioa alboratzea erabaki du.
Bestalde, martxoaren 5-eko akta, Adarra eta Onyi aldean artzaintza erregulatzen duen ordenantza, Berrasoetan okupatutako lur sailen berreskuratzea eta tele asistentzia zerbitzuaren kudeaketa bideratu dira.