“Euskarazko kazetaritzaren sari nazionala” bezala definitu zuen Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak Rikardo Arregi saria: “Sustraiak ondo errotuta dauzkan sari bat da, profesionalen artean aitortua eta onartua. Euskaraz egiten den kazetaritza osoa bere baitan kontuan hartzen du eta horregatik esan daiteke euskarazko kazetaritzaren sari nazionala dela”, azaldu du.
Andoaingo Udaleko euskara zinegotzi den Toñy Landak azaldu ditu aurtengo edizioaren nondik norakoak: “Aurten, iaz bezala, hiru sari izango dira: Sari nagusia, Xabier Laka eskultoreak egindako garaikurra eta 9.000 euroko dirusariaz hornitua izango da. Kazetari Berria izeneko saria 3.000 euro eta garaikurraz hornitua dago eta Epaimahaiaren Sari Berezia 4.000 euroz”. Sari hauetaz gain, beharrezko izanez gero, lan baten Aipamen Berezia edota ibilbide oso baten Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere badu epaimahaiak. Jose Antonio Perez Gabarain alkatea, Jose Ignazio Basterretxea, Agustin Errotabehere, Aitor Zuberogoitia, Arantxa Urretabizkaia eta Ana Urkiza kazetariak izango dira epaimahaikide.
Gazteen sariari dagokionez, ezinbestekoa izango da lanak sariketarako aurkeztea. “27 urtez azpiko kazetariak animatu nahi ditugu. Asko dira, urte gutxiko esperientzia izan arren oso lan ona egiten dutenak eta saria merezi dutenak”, dio Patxi Baztarrika sailburuordeak. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 25ean amaituko da.