Zalantzarik ez dago AHTk baliabide fisiko zein aurrekontu alorreko mordo bat hipotekatzea ekarriko duela, baina instituzioek ez dute informaziorik eman, ez sustatu ere ekonomia, gizarte eta lurralde alorreko desorekak, eta ingurumenarentzat sortuko lituzkeen eraso ezin itzulizkoak balioztatuko dituen eztabaida. Jendearen sentipena argia da horri dagokionez: joan den otsailean “Euskal Y”k eragina duen udaletan AHTren inguruan egindako iritzi azterketaren emaitzek berretsi egiten dute biztanleen gehiengo handi batek uste duela instituzioek proiektuaz emandako informazioa ez dela nahikoa izan, eta objektibotasun zein inpartzialtasunik gabea izan dela, eta hamar lagunetik zazpik (%71) uste dute ez direla bide nahikoak zabaldu AHTren inguruko eztabaidan eta hari lotutako erabakietan gizartearen parte hartzea errazteko. Horregatik, egungo egoeran argi agertzen da zein urgentziazkoa den erabateko larritasuna duen egitasmo desarrollista hori inguratzen duen errealitateaz informatzea, eta agerian geratzen da nola espainiar Estatuak hala Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ekologian, gizartean, ekonomian, nekazaritzan eta lurraldean hain eragin itzel eta kaltegarriak izango lituzkeen proiektu bat inposatzea erabaki dutela.
Beharrezkoa da, horrenbestez, AHTren aurkako oposizioaren arrazoiak instantzia sozial guztietara eramatea eta egitasmo hori geldiaraztea aukera bat egon dadin eztabaida zabal eta parte-hartzaile bat irekitzeko, sentsibilitate eta alternatiba anitzak daudela aitortuko duena eta erabakitzeko ahalmena itzuliko diona eragindako komunitateari; ez alferrik auzi horren barruan gordetzen dira gure herriarentzat nahi dugun gizarte ereduaren giltzarrietako asko.