Udaberri aldera, sumatzen al da dietak eskatzen dituztenen igoera?
Nerea Gil: Bai, beti nabaritzen da. Eguraldi onarekin batera jendea uda aldera begira hasten da eta argaldu nahi izaten du. Neguan, Gabonak direla eta, gehiago pasatzen gara, eta orain horri buelta eman nahi izaten diogu.
Zein da argaltzeko dietak eskatzen dituztenen profila?
N.G: Gehienbat emakumeak dira, adin guztietakoak. Gazte bat bezala etortzen da jubilatu bat. Hala ere, gizonak ere pixkanaka ari dira animatzen, kopurua gorantz doa. Bi generoen arteko aldea dieta egitearen arrazoietan dago. Gizonak gehienbat osasun arazoengatik etortzen dira, hau da, analisiak gaizki dituztelako eta hobetzeko argaldu behar dutelako. Emakume gehienak ordea, sobrako kilo horiek kentzea dute helburu.
Zerk ekarri du argaltzeko dieten gorakada?
N.G: Daramagun bizitza ez da osasungarriena. Sarri kanpoan jaten dugu eta ez dugu kontrolatzen janariaren kalitatea. Gainera, ez nekatzearen arrazoiarekin janari azkarrera jotzen dugu etxean gaudenean, eta horrek denak eragina du.
Zer faktore hartu behar dira kontuan dieta bat ezartzerakoan?
N.G: Norbait hurbiltzen denean, lehenengo gauza analisiak zer moduz atera zaizkion jakitea da. Gero, hartzen dituen botiken berri ere izan behar dugu. Horiek argituta, egiten duen lana, ea ariketa fisikoa egiten duen, jateko zer ohitura dituen, ea etxean jaten duen edo ez… Galdera horiek eginda saiatzen naiz, etortzen denak ohitura onen bat badu, hori indartzen. Eta txarrak diren ohiturak egokitzen. Bizimoduaren arabera egokitu behar da dieta bakoitza.
Argaltzeko dieten jarraipena nola egiten da?
N.G: Hamabost egunero egiten da kontsulta. Zer moduz joan zaien galdetzen zaie, ea arazorik izan duten… Gero, pisatu egiten ditugu eboluzioa ikusteko. Egia da batzuetan zaila izaten dela. Ni beti saiatzen naiz animatzen, metabolismoaren arabera, batzuk azkarrago jaisten baitute eta beste batzuk motelago.
Dieten atzean, ez al daude gorputzarekiko konplexuak?
N.G: Kasu batzuetan bai. Autoestima kontua izaten da sarri. Psikologo lana egin behar duzu horrelakoetan. Batzuk konplexu handiak dituzte eta animatu egin behar dituzu. Animatzeaz gain, ulertzea ere garrantzitsua da, beraien egoera ulertuta, aldatzen saia zaitezkeelako.
Inoiz ezezkorik esan al diozue dieta egin nahi duen bati?
N.G: Ez, batzuetan argaltzeko premiarik ez duenen bat dieta bila etortzea egokitu izan da. Orduan, argaltzeko dieta beharrean, mantentzeko eta osasuntsu egoteko dieta egiten zaio, dieta guztiek ez dute zertan argaltzeko izan.
Hilabetean hamar bat kilo kendu nahi ditut… Posible al da?
N.G: Ez da batere gomendagarria. Batzuk epeak jarrita etortzen dira baina guk ez ditugu helburuak jartzen. Hau prozesu bat da, pixkanaka egiten dena. Denbora gutxian kilo asko jaistea ez da osasunarentzat ona. Hobe da ondo jatea eta pixkana jaisten joatea. Dieta on baten gakoa jendeari jateko ohitura onak hartzen irakastea da, eta horretarako denbora behar da. Ohitura onak barneratuko bagenitu dieta ugariren beharrik ez genuke izango.
Etorkizunera begira, obesitate arazoak ugarituko direla uste al duzu?
N.G: Bai, zalantzarik gabe. Haurrak dira etorkizuna eta egun ikusten da gero eta haur gizen gehiago dagoela. Ez zaie jaten erakusten, opil industrialak eta fast food delako janari gehiegi jaten dute. Gustukoa eman nahi izaten zaie sarri, baina ondo jaten erakustea beharrezkoa da.
Elikadura egokia HIZPIDE
Eguraldi onaren zain egon gabe, urte osoan zehar elikadura ohitura onak mantentzea da garrantzitsuena. Nerearen ustez, “pikatzeko” ohitura kentzea da elikadura ona mantentzeko lehen pausoa. Pikatzen ibili beharrean, egunean bost otordu gomendatzen ditu dietistak. “Orokorrean, egokia da gosaria, goiz erdikoa, bazkaria, merienda eta afaria egitea. Gosariak indartsua izan behar du, baina bolleria ahal dela saihestu egin behar da. Horrez gain, ondo bazkaltzea ere komeni da. Goiz erdian eta meriendan berriz, fruta edo yogur bat jatea litzateke egokiena”. Nereak garbi du denbora ez dela aitzakia. “Janari onak denbora gutxian prestatzea posible da, aukera mordoa dago”.
Esaera batek dioen bezala, jaten duguna gara. Beraz, garena zaintzeko lehen pausoa da jaten duguna zaintzea.