Karabana hartuta, munduan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 21a, 20:37

Aste Santuko oporrak gainean ditugu. Jai egun horietako denbora librea bidaiatzeko baliatzen dute askok. Bisita daitezkeen lekuak anitzak dira. Baita bidaiatzeko moduak ere; adibidez, auto karabana hartuta.

24.000 bat kilometro. Hori da  azken bi urteetan Iker Egañak eta Lidia Gaston andoaindarrek egin duten kilometro kopurua. Udan dute urteko hitzordu nagusia, baina urtean zehar, asteburu askotan, gustukoena dutena egiten dute; auto karabana hartuta bidaiatzea.

Leku asko bisitatu dituzte jada; Normandia, Pirinioak, Menorka, Portugal, Holanda… Baina are gehiago ezagutzeke dituzte. Opor lekuren bat bururatu ahala, horri buruzko liburuxkak eskuratzen dituzte. “Etxea liburuz beteta dugu”, adierazi dute. Gero hara edo hona joango dira edota liburuxka horietatik, ideia berriak bururatuko zaizkie.

Gutxi gora beherako plan bat egiten dute, errepidera ateratzen direnean, aldatzen joaten baitzaie hasieran planteatutakoa. Inprobisatzen doaz. “Ez da Pirinioetara joan eta eguraldi txarragatik Valentzian eskalatzen amaitu dugun lehen aldia. Ordesara joan eta Port Aventuran ere amaitu izan dugu”, aipatu du Lidiak. Hala, etxera deitutakoan senideak beti ezustean harrapatzen dituzte.

BIDAIATZEKO ASKATASUNA
Denetik egiten dute; eskiatu, bizikleta martxak, mendi bueltak… Eta nahi dutena, nahi dutenean. Egunez hara eta hona ibili eta gauez nahi duten guneetan aparka dezakete. Auto karabanak mugitzeko askatasuna ematen diete. “Askatasuna ematen duelako merezi du; lekua erabaki, noiz joan, noiz itzuli eta egin daitekeena aukera daiteke. Azken unean bidaia programa dezakezu. Eguraldiaren arabera funtzionatzeko aukera asko ematen ditu”, adierazi du Lidiak. Inbertsioa da, baina merezi du, tartean haurrak badaude, are gehiago. “Karabana Andoainera ekarritakoan bertan lo egin nahi izaten dute”, adierazi du Egañak.
Etxe mugikortzat jo daiteke, beharrezko ekipamendua baitu; dutxa edo berogailua esaterako. “Etxean bezala zaude”, adierazi du Ikerrek. Urteetako eboluzio baten ondorioa izan da orain duten garraiobidea. Lehenbizi, Ikerrek Ford Fiesta zahar bat zuen, lanean hasitakoan Express bat erosi zuen eta aurrerago Lidiarekin batera California bat eskuratu zuten. Haurrak izan zituztenean erosi zuten egun duten auto karabana. Askok dirua bidaiatzeko beste modu batean xahutu dezaketela pentsatuko dute. Andoaindarren esanetan, ordea, auto karabanan bidaiatzeak ez du parekorik. “Irabazten dugun askatasuna ezin da ordaindu”, gogoratu du Lidiak.

Jende berria ezagutzeko parada ematen du. Askotan modu horretan bidaiatzen duen bakarretakoa dela pentsa daitekeen arren, bidaia guztietan ezagutzen da norbait. Asko galdezka datozela, besteari gertatutakoa kontatu nahi diotela. “Estilo berdineko jendea elkartzen gara. Karabanetako jendeak badu haien artean komunikatzeko ohitura”, aipatu dute.

Modu honetan bidaiatzera animatzeaz gain, auto karabana dutenentzako Aste Santuei begirako gomendioa: “Bizpahiru plan ezberdin pentsatu eta eguraldiaren arabera bat edo beste egitea”. Andoaindarren hurrengo irteera, urteko bidaia nagusia, udako oporraldian.

KARABANAK UZTEKO LEKU GUTXI
Etxera itzultzen diren bakoitzean, Aginagara eramaten dute karabana. Eta han uzten dute hurrengo irteera arte. Andoaindik gertuen gelditzen zaien lekua da; bakarrenetakoa inguruetan. Hain zuzen, modu honetan bidaiatzea aukeratzen duten askok antzeko egoera pairatzen dute; karabana uzteko leku falta dute. “Europa mailan alor honetan gu baino aurreratuagoak daudela uste dut”, adierazi du Egañak. Frantzia horren lekuko. Paris kanpoaldean horrelako ibilgailuentzat egokitutako gune ederra dute, behar adina hornituta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!