Olazarreko bidea, Larraul
Larraulgo plazan hasiko dugu ibilbidea. Errepidez, Larrañaga baserriraino jaitsiko gara. Beherako bideari jarraituz, Beobide erdikoraino jaitsi eta bertan ezkerreko bidea hartuko dugu. Zarauztik Tolosara doan bide zaharrari jarraituko diogu. Aierdiko ubidera eramango gaitu bide horrek eta han, eskuinera hartuko dugu, Txuringadiko errotara iritsi arte. Zubia gurutzatu eta errepidetik igaroko gara, ezkerrean dagoen lehen bidegurutzeraino. Usarrabiko errekaren ondotik gorako bideari jarraituko diogu. Platanondo handiez inguratutako bidean aurrera eginez, Irazueneko zentralaren ondotik pasako gara. Aurrerago, erreka zeharkatuko dugu eta Olazargo burdinolara iritsiko gara. Sansonen harritik pasatuz ubidea zeharkatu eta Olatzaga baserriraino doan gurdibidea hartuko dugu. Baserriaren arkupetik pasa eta Txorroaldeko iturrira iritsiko gara, hortik Goineta baserrira. Handik, herrigunera jaisteko aukera izango dugu bideari jarraituz.
Distantzia: 7,4 km.
Iraupena: 2 ordu eta 15 minutu.
Altuera: 175 m.
Kanaletako ibilbidea
Amasa-Villabonako Jesusen Bihotza elizaren atzealdetik helduko diogu bideari. N-1 errepidearen azpialdetik pasatuz, Otsabi auzorantz joko dugu eta berehala, ezkerrera dagoen bidegorria hartuko dugu. Eskuineko bidea hartuz, Kalatras baserrira iritsiko gara, Arrieta eta Beheko Borda zeharkatuz, A-15 autobidearen gainetik doan zubia ikusiko dugu. Lasturko atsedenlekura arte jarraitu eta hortik Mendabietara, ubidea seinalatzen duen bidea hartzeko. Ubidearen inguruan 6 Km-ko luzera duen ibilbidea egin daiteke eta amaieran, Ibarrola errekara iritsiko gara. Erreka zeharkatu eta Urdausurbil bordara joango gara baso eder bat gurutzatu ondoren. Pistari jarraitu eta autobidearen azpitik pasa ondoren, datozen bi bidegurutzetan eskuinera egingo dugu. Gas txabolara iristean, ezkerrera sortzen den bide estuari jarraitu eta Komizar atsedenlekura eramango gaituen pista aurkituko dugu. Pista asfaltatu horretan, ezkerrera dagoen bidegurutzea hartu behar da Amasara igotzeko.
Distantzia: 15,5 km.
Iraupena: 5 ordu.
Altuera 310 m.
Zarateko bidea, Zizurkil
Herriko plazatik abiatuko gara. Goruntza abiatuko gara, Abeletxe aterpetxe eta jatetxera daraman bideari jarraituz. Azkarate baserriraino jarraituko dugu, errepidez. Hortik gora, pistan zehar, Zarateko benta eta Olentzo-Etxeberri baserrien aldamenetik pasako gara.
Pistaren goialdean, aparkaleku txiki baten ondoan, eskuinera sortzen den bide estua hartuko dugu, antzina abelbide izan zena. Horri jarraituz, “Zarateko Benta” izenez ezagutzen den trikuharria ikusiko dugu eta Aizgurutzeta baserriaren ondotik pasako gara. Beherako bidea hartu eta Basapotako atsedenlekura iritsiko gara. Pistan behera jarraitu eta lehen bidegurutzean eskuinera egingo dugu. Aurrera jarraituz, ezkerraldetik, Pagoa baserrira jaitsiko gara eta Iola baserrirantz joango gara ondoren.
San Migel ermitaraino jarraitu eta errepidea hartuz, berriro Zizurkilgo plazara iritsiko gara.
Distantzia: 12,5 km.
Iraupena: 3 ordu eta 45 minutu.
Altuera: 275m.
Belkoain ingurua, Aduna
Adunako plazan ekingo diogu bideari. Sagardotegiak dauden auzora doan bidea hartuko dugu. Zabala sagardotegitik barrena joan eta bidegurutze batera iritsiko gara. “Basapotako atsedenlekua” iragartzen duen kartela ikusiko dugu bertan. Hara doan bideari helduko diogu guk. Atsedenlekura iristean, eskuineko bidea hartuko dugu eta urkien artean doan bidexka batetik igoko gara. Mariakogainara iritsiko gara. Handik, Belkoiango tontorrera igo eta bertan dagoen trikuharria ikusteko aukera paregabea izango dugu. Bestela, Andoainera doan gurdibidetik jaitsi eta bi bidegurutze topatuko ditugu. Lehendabiziko bidegurutzean, eskuinera hartuko dugu. Bigarren bidegurutzean, biderik zabalenari ekingo diogu. Sekuoiez inguratutako gune batetik pasako gara eta bide horrek, hasieran igarotako pistara eramango gaitu berriro ere. Lehen egindako bidea kontrako zentzuan egitea besterik ez zaigu faltako. Adunako plazan amaituko da ibilbidea.
Distantzia: 6,3km.
Iraupena: 2 ordu.
Altuera: 280 m.
Xoxoka, Urnieta
Xoxokatik abiatuko gara. Maingunea baserriaren eta Xoxokako Udal aterpearen artetik igarotzen den errepidea hartuko dugu. Bidegurutzean ezkerrera hartuko dugu eta Gaztainadizuloko karobia ikusiko dugu.
Errepidera itzuliz, Besadegi etxe eta baserriraino doan igoera txiki bati ekingo diogu. Baserria pasa ondoren, eskuinera dagoen pista hartuko dugu, Marizulo baserrirantz. Inguru hartan dago Montefrioko karobia. Pistan aurrera jarraituz, bide bazterrean, Marizuloko hilobi-kobaren ahoak aurki daitezke. Marizulo baserriaren parean utzitako bidera itzuli eta aurrerantz jarraituko dugu. Kukutegi Txiki, Kukutegi eta Pardaki baserriak pasako ditugu eta ondoren, eskuineratz hartuko dugu lehendabiziko bidegurutzean.
Armuntoko zelaira irtengo gara eta pista zabal bat gurutzatuz, Xoxoka-Besadegi errepidera itzuliko gara, abiapuntutik metro gutxira.
Distantzia: 3,7 km.
Iraupena: 1,5 ordu.