Zazpi anai-arreben artean zaharrena, datorren maiatzean 91 urte beteko ditu. Osasunari dagokionez, ondo dago, “balantza batzuk egiten ditut, baino dantzarako moduan nago”, dio umorez. Gazterik utzi zuen jaiotetxea, Hernaniko etxe bateko lanak egitera joateko.
Hantxe harrapatu zuen gerrak. Gogoan du, Hernani ia hutsik gelditu zela Molaren militar errebeldeak Urnietatik barrena inguratu ahala. Lana egiten zuen etxeko nagusiek ere alde egin zuten, baina bera bertan geratu zen “ordurako nik nobioa nuen, Aritzalde baserriko Domingo Urreaga, eta haren nondik norakoak jarraituz, bertan geratzea erabaki nuen”.
Gerra bukatu eta urtebetera, 1940an, Domingo eta Katalina ezkondu, eta orduan Francisco Mororena zen Zibulio baserrian jarri ziren bizitzen. Baina Katalina, ezkondu aurretik, senargaiaren baserrian hasia zen lanean. Hori jakinda, auzoko batzuk, herriko apaizarengana joan ziren kexua agertzera, Domingo eta Katalina ezkondu gabe, elkarrekin, bekatuan bizi zirela esatera, alegia. Apaizak deitu, eta ezkondu egin beharko zutela esan zion. Gogoan du, ezkonduta Zibulion bizitzen jarriko zela gurasoei esandakoan, hauek emandako erantzuna: “Etxe horretan inork ez din bizimodurik ateratzen, denek kiebra egin dinate”. Gerora, aurreiritzi hori aldatzeko aukera izan zuten, gurasoak eta anai-arreba guztiak Zibuliora bizitzera eraman baitzituen.
Etxea baino gehiago, borda bat zen orduko Zibulio, “gero pezetaka, pezetaka, edo garai hartan, hamar xentimoka joan ginen hobetzen”. Berehala, barrika batzuk jarri eta sagardotegia ireki zuten. Inguruko baserritarrak izan zituzten hasiera hartako bezeroak. Txoko baserriko aitonak, “mutilzaharren zentroa” deitzen zion. Soinujole bat ere hurbiltzen zen bertara, Aritzalden morroi bezala zegoen Joxemari izeneko andoaindar bat.
Senarra, bi bizikleten arteko istripu batean hil zen 1951 urtean. Bakero baserriaren inguruan izan zen, bere bizikletan, sagardoa botilaratzera zihoala, Hernanitik, baita ere, bizikletaz zetorren batekin aurrez aurreko talka eginda. Oso triste, lur jota gelditu zen Katalina, baina bizitza guztian egin duen moduan, orduan ere, burua altxa eta aurrera jarraitzeko indarra atera zuen.
Garai hartan inguru hauetako baserrietako emakume askok egiten zuten bezala, Katalina ere, esnea eta berdurak saltzera Donostiara joaten zen, Leandro Goñi “txintxua”ren autobusean. Gerra ondorengo urte haietan nahiko komeri izaten zuten, beraienak ziren gauzak saltzera eramateko jartzen zizkieten oztopoak zirela eta.
Gerora, horrenbeste urtetan Zibulioko sukaldean lanean aritu izan den emakume honek, ez zuen seme-alabarik izan, baina ilobak beti inguruan izan ditu, baserri berean bizitu zen Axentxi ahizpa gazteenaren seme-alabak. Gaur egun, ahizparekin batera, iloba hauetako batek Urnietan duen etxe polit batean bizi da, eta egunero, bera arduratzen da otorduak prestatzeaz, “pertsonak entretenimenduren bat beharrezkoa du”. Segi horrela Katalina!