Mikel Izagirre, UDA plataformako hautagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 21a, 19:36

Maiatzaren 27ko Udal hauteskundeetara lehen aldiz aurkeztuko den Urnieta Denon Artean (UDA) taldeko zerrenda buruak eta haien proposamen nagusiak aurkeztu dituzte.

Arantzubiko errotonda ondoan duten egoitzan bildu ziren Mikel Izagirre zerrenda burua, Miren Kintas eta Fatima Ormaetxea, herri plataformako arduradun Ramon Bengoetxearekin batera.

Plataforma, erraustegi edota saihesbide auzien inguruan sortutako herri mugimenduaren ondorioa dela aipatu zuten. Hori dela eta, zerrenda orekatsuekin eta pluraltasun izaera duen plataforma moduan aurkeztu dute UDA; bizimodu, joera eta jatorri ezberdinetako herritarren bilgune gisa.

Plataforma definitzearekin batera, hauteskundeei begira egingo dituzten zenbait proposamen aurreratu zituzten. Herritarren parte hartzea bultzatu eta ziurtatu nahi dute. Zerrendaburu Mikel Izagirrek aipatzen zuenez, ez dute inoren bozeramaile lanik egin nahi. Hala, Udalean edozein erabaki edo neurri hartu aurretik, plataformaren inguruan bildu daitezkeen herritar talde ezberdinen arteko kontsentsu gune bat sortu nahi dute. Asmoa, herri mugimendu horiei hitza eman eta haien artean eztabaida piztea da. Hala, plataformatik aipatu zutenez, azken hiru urteetan Udalak ateak itxi dizkion herri mugimenduari tartea eman nahi diote.

GAZTEEN PARTE HARTZEA, SARITUA

Parte hartzea 12-18 urte arteko gazteen artean ere sustatu nahian, ekimen berritzaile bat aurkeztu zuten; “puntu bidezko karneta”. Adin tarte horretan diren herritarrek dituzten ohiturak eta gaitasunak ebaluatu nahi dituzte. Azkenean, haien jarrera baloratu nahi da. Behin 18 urteak betetzen dituen gazteak, herriko bizitzan parte hartze aktiboa izan badu, erakutsi duen jarrera saritu nahi lukete; ikasketerako bekak bideratu edota gida baimena ordainduta.

lan urbanistiko alternatiboa defendatzen dute; tartean, behar gehien duten sektoreei zuzendutako etxebizitza politika. Haien esanetan, nahi duenak Urnietan bizitzeko aukera izan dezan. Gainerakoan, osasun zentro berriaren aldeko apustua egiten dute. Hala, Zaharren Egoitzak ere gune handiagoa izango luke. Hezkuntza ziklo guztiak kanpus bakarrean biltzea ere nahi dute.

ektore berriak txertatzeko zabalik dagoela eta egitasmo guztiak gauzatzeko, urnietarren kolaborazioa behar dutela aipatzen dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!