Hemezortzi eta hogeita hamar urte bitarteko gazteei zuzenduriko ekimena da Euskal Herrian Barrena. “Lehendabiziko txangoan Txingudi badiara joan ginen: Irun, Hendaia eta Hondarribiako toki esanguratsuenetan ibili ginen. Zortzi pertsonako taldea osatu genuen eta berehala giro polita sortu zen taldekideen artean. Jendeak interes handia azaldu zuen, gauzak ezagutzeko gogoa eta alde horretatik, oso gustura ibili ginen. Arabako irteerarako dozena inguru izango gara. Ahoz ahoko informazioak ondo funtzionatzen du eta lehen txangoan parte hartu zutenek jendea animatu dute”, dio ekimenaren koordinatzaile lanetan dabilen Josu Zumetak.
Gauza interesgarriak ezagutzeko parada eskaintzen dute asteburuko txangoek: “Larunbata goizean Irungo alde zaharra izan zena ikusi genuen eta ondoren, Erromatarren museora joan ginen. Horrekin jendeari ikuspegi historikoa eskaini nahi izan genion, bisitatzen ari garen herriaren irudia bakoitzak egin zezan. Partaideek burua dantzan jartzea lortu nahi da, atera ditzatela bere ondorioak. Arratsaldean Hendaian izan ginen, Antoine d’Abaddieren jauregia eta herria bera ere ikusi genituen. Oiartzungo aterpetxean pasa genuen gaua eta hurrungo goizean Aginako gainera joan ginen megalitoak ikustera. Plaiaundiko padurak eta Hondarribiako alde zaharra ere bisitatu genituen”, azaldu du Josuk.
Izena emateko aukera
Asteburu honetan, Arabar Errioxa egingo dute txangoa. “Laguardia-Biasteri edota Iruña-Veleiako gune historikoak, upategiak eta Gasteiz ikusiko ditugu”, azaldu du Josuk. Euskal Herrian Barrena ekimenak ateak zabalik ditu. “Izena emateko aukera beti dago. 943 696 450 telefono zenbakira deituz edota txangoak@topagunea.com helbidera idatziz beharrezko informazioa emango zaie. Txoko ezberdinak ezagutzeko aukera paregabea da eta gainera merke!”, dio Josuk.
Datozen txangoak:
Martxoak 24-25
Araba: Arabar Errioxa, Laguardi-Biasteri, Iruña Veleia eta Gasteiz. Ardagintza eta hiri garapena.
Apirilak 21-22
Bizkaia: Urdaibaiko itsasadarra, Gernika, Bermeo eta Gaztelugatxe. Nekazaritza eta arrantza.
Maiatzak 19-20
Nafarroako Mendebaldea: Iratxe, Eunate eta Aralar. Santiagoko bidea, nekazaritza eta abeltzantza.
Ekainak 30-01
Nafarroa garaia/ Behe Nafarroa: Irati, Orbaitzeta, Donibane Garazi eta Isturitz. Basogintza.
Uztailak 21-22
Lapurdi: Sara, Larrun, Donibane Lohitzune eta Baiona. Abeltzantza eta zerbitzuak.
Abuztuak 25-26
Nafarroa-Erronkari/Zuberoa: Kakueta eta Holtzarteko arroilak., Belagua, Atharratze eta Maule.
Irailak 22-23
Nafarroako hegoekialdea: Zangotzako, Herriberriko eta Tuterako merindadeetako altxorrak. Bardeak, Herriberri, Xabier eta Leire..