Berezia, bakarra, hunkigarria izan zen sarrera-ekitaldia. Hiru zatitan bereiztu zen ekitaldia. Lehenik, asteasuarrak “Antzarak, zenbakiak eta letrak” hitzaldia maisuki eskaini zuen. Atsegina da oso Atxaga hizketan entzutea. Bigarrenik, euskaltzain izendatzeko atariko modura, Xabier Kintana Urtiaga euskaltzainak “Ekintzailearen laudorioa” irakurri zuen. Eta, amaitzeko, asteasuarraren bihotzera iritsi zen herritarren esker ona jaso zuen.
Antzarak, zenbakiak eta letrak
Tokikoa ezinbesteko erreferentzia izan da Bernardo idazlearentzat, Joxe pertsonarentzat. Bernardok antzararen begia baliatu zuen Asteasura airez hurbiltzeko. Joxek, berriz, haurtzaroan eta gaztaroan ezagututako Mikela Elizegi, Pello Errota bertsolariaren alaba, Donipolito Usabiaga erretorea edota Joseba Arregi torturen eraginez hildako zizurkildarra.
“Zaila da zehaztea literatura esaten diogun horrek gizarteari ekartzen dizkion onurak, baina, oinarri-oinarrizkoari helduz, hark egiten duen bereizketa lana har liteke gogoan.
Bertsoek, poemek, nobelek, bereizi egiten dituzte une, leku edo gertaerak. “Bereizi”, diot, baina berdin esan nezake “bakandu”, “apartatu”, “atera gauzak bere jatorrizko arruntasunetik”. Errealitatea bestelakotzeko balioa duela ere adierazi zuen aurrerago, “Bereizi esan dut arestian, “bakandu”, “apartatu”. Orain “transfiguratu” esan behar dut. Bertso, poema eta nobelek transfiguratu egiten dituztela une, leku edo gertaerak; errealitatea.
Badakit hitz hau ez dela gure euskal hiztegietan azaltzen, eta guztiek ere jauzi egiten dutela “transferitu” delakotik “transformadore” delakora; baina, oker ez banago, Euskaltzaindiaren hiztegia E letran dago oraindik. Aukera dut, beraz, “transfiguratu” eta baita “transfigurazio” bera ere erabiltzeko. Ziurrenik ere baztertua izango da, zeren elizen arteko Biblian ere nahiago izan baitute “antzaldatze” delakoa; baina, aukera dagoen bitartean, bonbon. Eta gero gerokoak”.
Ezin aipatu gabe utzi literatura. Azken pasarte horretan aurkitu zuen idazleak euskararen erabileraz hitz egiteko bidea. Garai eta kultura ideologiko ezberdineko Aita Zabala, Manuel Lekuona eta Gabriel Aresti Pello Errotaren bizitza izeneko liburua miresteko bat zetozela ulertzeko ondorio honetara iritsi zen, “Zeinahi zirela ere, direla ere, arrazoiak, ondorioa bat bera da, eta hori da nik azpimarratu nahi nukeena: hirurek ere balioa ematen ziotela ahozkotasunari, herri literaturari eta, bide batez, hizkuntzari”.
Aurrerago adierazi zuenez, “erabilerak eusten dio hizkuntzari, erabilerak ematen dio baliorik handiena”.
Bukatu aurretik, iritzi politikoen eta hizkuntzari buruzko iritzien artean beharrezko den distantzia aldarrikatu zuen asteasuarrak. Euskararen auzian kontrako ideologia politikoa zuten bi pertsonen adibidea aipatu zuen, askoren artean bat. Eta horren aldeko defentsa egin, ideologiaz gaindi “beharko da zerbait gehiago gure hizkuntza eta gure kultura aurrera ateratzeko”.
EKINTZAILEAREN LAUDORIOA
Xabier Kintana euskaltzainak egin zituen Euskaltzaindiako atezain lanak eta Joxe eta Bernardo, pertsona zein idazlea, goraipatu zituen. Hona, hitzaldiaren zentzua laburtzen duen pasarte bat, “Horrexegatik bildu ditu, bere antzara-joko literario horretan, autore horiek. Guztien arteko lotura, hizkuntza izan da, bai, baina, aldiz berean, guztiek kontzienteki hautatua, eta hor, ezinbestean, gure idazleak gogaidetasuna aurkitu du, batzuk ezker, beste batzuk eskuin, eta zenbaitzuk erditatik ibili arren, den-denak euskalgintzaren bide beretik doazelako. Eta Bernardok badaki bide lagunen artean hautatzen, oraingo eta lehengo bidaideak aukeratzeko.
Ez da bera hurkoa erraz baztertzen duten horietakoa, eta askok ondo gogoan daukagu, kenketa murrizgarriak ez baina batuketa aberasgarriak egiteko zuhurki gomendatu ziela, Orixeri kale bat jartzeko, hura Cervantesi kendu gura ziotenei, idazle biei kale bana ipintzeko soluzio bikaina eskaini zuenean. Horrela, edozeinekin harremanak izateko daukan izaera atseginak, bestalde, toki, giro, maila eta ideologia askotako lagunak ezagutzeko aukera eduki du”.
ORDEZKARITZA ZABALA
Asteasun egin zen ekitaldira gizarte mailako ordezkari ugari bildu zen. Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Madrazo Eusko Jaurlaritzako Sailburua edota Hizkuntz politikako arduradun Patxi Baztarrika. Politikagintzaren alorretik EBko Antton Karrera edota EAko Xabier Huitzi, euskalgintzaren alorretik HABEko Joseba Erkizia, Bertsozale elkarteko lehendakari Jexux Murua edota Jakin aldizkariko Joan Mari Torrealdai. Asteasuko udal ordezkaritza, Anjel Alkain aktorea, Anjeles Uzkudun Herio 1936 argitalpeneko egilea eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko Juli Azkue eta Mila Iztueta. Zer esanik ez, horiekin guztiekin batera asteasuar asko bildu zela kiroldegian.