Ibiurko urtegiak hornituko du eskualdea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 16a, 10:40

2008rako espero dute Ibiurko urtegiko lanak amaiturik izatea. Baliarrainen ari dira urtegi erraldoia eraikitzeko lanetan eta 55.000 biztanleri emango die zerbitzua. Ikaztegietatik hasi, eta Andoain bitarteko herriek jasoko dute ura Ibiur urtegitik. Eskualdean Asteasu, Amasa-Villabona, Aduna, Zizurkil eta Andoainera iritsiko da zerbitzu hori. Larraulen berriz, orain arte bezala jarraituko dute.

Urtegia eraikitzeaz gain, ura kontsumorako erabilgarri egiteko tratamendu gunea edo araztegia ere martxan jartzeko lanak ere egingo dira Baliarrainen bertan. Izan ere, gure etxeetara iritsi aurretik urak gune ezberdinetatik pasa behar izaten du: aurretiko ozonizazioa, erreaktiboak nahasteko kamera, dekantazioa, tarteko ozonizazioa, iragazketa, fluorazioa eta desinfekzioa. Segundu bakoitzean 450 litro ur hartzeko gaitasuna izango du araztegiak eta urtean, 6000 milioi litro ur pasako dira bertatik ura edangarri bihurtu eta herri ezberdinetara banatzeko. Dagoeneko ur hori garraiatzeko erabiliko diren hodiak jarrita daude eskualdeko herrietan.


Ibiurko urtegia eraikitzeko lanak sei urteko atzerapenez hasi ziren, 2003ko abenduan eta 2008ko martxoan dute jarria presa erraldoia eraikitzeko epea. Lan handiak eskatu ditu urtegia eraikitzeak. Imanol Pildain da lan horien zuzendaria eta berak eman ditu xehetasun guztiak: “Urtegia dagoen tokian lehen Baliarraingo errepidea zegoen, beraz, beste ezertan hasi aurretik errepide berria egin behar izan da. Mendia igatu dugu ahalik eta harririk egokiena bilatzeko eta orain ormigoizko presa altxatzeko lanetan ari gara. Dagoeneko 32.000 metro kubiko ormigoi boteak ditugu, eta 180.000 beharko ditugula kalkulatzen dugu”.


Aurrekontu handia
Guztira 48 milioi euro erabiliko dira urtegia eta tratamendu planta eraikitzeko. 2003an hasi ziren eraikitze lanak eta amaitzen denean, 6’5 milioi metro kubiko ur biltzeko ahalmena izango du Ibiurko urtegiak, edo beste era batera esanda, 6500 milioi litro ur. Ormigoizko pareta erraldoiak 70 metroko altuera izango du eta urtegiaren inguruan pasaleku bat ere eraikiko da.


“Ondoren urtegia betetzeko frogak martxan jarri beharko dira, horrelako lanetarako ezarria dagoen protokoloa jarraituz. Dena ondo dagoela ikusi ondoren hasiko da lanean ur ustiakuntza. Ibiur errekako urez gain, Aldabako errekako ura ere urtegi honetara bideratu dugu, behar guztiak ondo asetzeko”, dio Imanol Pildainek. Gipuzkoan beste zortzi urtegi daude: Aixola, Añarbe, Arriaran, Barrendiola, Ibai-eder, Lareo, San Anton eta Urkulu. Hauek guztiak martxan dira dagoeneko. Ibiurkoak laugarren postua izango du tamainari dagokionez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!