Ura, zaindu beharreko altxorra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 16a, 10:37

Eskuak garbitzeko, janaria prestatzeko, edateko, dutxa bat hartzeko, autoa garbitzeko… egunean zehar, askotan irekitzen dugu uraren kanila. Falta den arte ez dugu antzematen zeinen beharrezkoa den ura. Eta hala ere, gutxitan jakiten dugu etxera iristen zaigun ur hori nondik iristen den.

Euskal Herriko biztanle bakoitzak, 200 litro ur inguru erabiltzen du etxean, egunero, batezbeste. Etxean erabiltzen den urari, industrian edo nekazaritzan baliatzen dena gehitzen badiogu, Europa mendebaldeko herritar bakoitzak urtean 500.000 litro ur baino gehiago gastatzen du.


Kontsumo altu horrek eta azpiegitura egokia ez egoteak ur eskasia ekartzen zuen euri gutxi egiten duen hilabetetan. Herri gehienetan, momentuan momentuko irtenbideak bilatu izan dira ur eskasiari aurre egiteko, eta hala izan da gure eskualdean ere. “Herriak hazitzen joan diren heinean, ur beharrak ere hazi egin dira eta horrek irtenbide berriak bilatzera bultzatu ditu Udalak. Ur puntu berriak bilatu eta beharrak modu horretan hasetzen aritu dira. Herri batzuek zazpi edo zortzi toki ezberdinetatik hartzen dute kontsumorako ura. Horrek, etxera iristen den uraren kalitatea kontrolatzea zailagoa egiten du. Euri asko egiten duenean, esaterako, ura zikina iristen da zenbait herritako kaniletara, lokatz arrastoekin”, dio Ibiurko urtegiko lanen zuzendari den Imanol Pildainek. Baliarrainen ari dira altxatzen Ibiurko urtegia eta lanak amaitzen direnean Alegiatik hasi eta Andoain bitarteko herrien ur hornidura bertatik egingo da. “Orain arte martxan dauden ur puntu horiek utzi egingo lirateke eta Ibiurko ura baliatu”, gaineratu du Imanolek.


Larraul, salbuespen
Larraul izango da Ibiurko ura jasoko ez duen eskualdeko herri bakarra, izan ere, orain arteko ur puntu berak erabiltzen jarraituko baitute. “Utsetako zuloa izenenko parajetik hartzen da herriko ura eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku geratzen da zerbitzu hori ematea. Murgil mendian dagoen araztegira joaten da ura, beharrezko tratamendua egin eta etxeetara banatzeko. Ibiurko urtegia egiten denean berdin jarraituko dugu, herria urtegia baino altuago dagoelako”, dio Joxean Altuna Larraulgo herri langileak.


Gipuzkoako Ur Kontsortzioa
Gipuzkoako Ur Kontsortzioak du eskualdeko ur edangarria kudeatzeko ardura. 1992an sortu zen Kontsorzioa eta probintziako hirurogeita zortzi herritako ur horniketaz arduratzen da. Tartean dira Beterri-Aiztondoko herriak ere. Erabilitako ura ibaietara isuri aurretik beharrezko tratamendua egiteaz ere Kontsortzioa arduratzen da.


Uraren kalitatea dela eta, arazo batzuk gertatu izan dira eskualdeko zenbait herritan. Zizurkilen esaterako, iturriko ura ez edatea eskatzen zuen bandoa zabaldu zen duela aste batzuk. Egun gutxietako gora behera izan zen arren, ez da horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. Asteasun ere antzeko arazoak izan dituzte behin baino gehiagotan. Ibiurko azpiegitura osoa martxan jartzen denean, ur sarean jartzen den ur guztia tratamendu gune batetik pasako da eta horrelako arazoak ekidingo dira.


Etxera iristen zaigun uraren kalitateaz gain, kantitatea ere garrantzitsua da. Euskal Herrian ez da ohikoa izaten, baina lehorte garai luzeetan ur eskasia arazo larria izan daiteke. 2007 hasieran, esaterako, lehorte mehatxuak larritasuna eragin zuen alde horretatik. Gaur egungo ur azpiegiturak denbora gutxirako ur hornikuntza bermatzen du eta ura aurrezteko ohiturarik ere ez dugu.


Ura aurrezteko, ohitura txiki batzuk hartu besterik ez dugu. Modu horretan, ekonomikoki aldea nabarituko dugu uraren fakturetan eta gainera, errekurtso natural aberatsa den ura zaintzen lagunduko dugu.

Etxean
1- Jarri etxeko kaniletan difusoreak, ur asko aurrezten dute. Uraren giltza piska bat ixtea ere irtenbide ona izan daiteke.
2- Minutuko hamar ur tanta galtzeak urtean 2.000 litroren galera esan nahi du.
3- Ura ez kutsatzeko, ez bota hondakinik komunetik behera eta ez isuri olio erabilirik harraskara, urarekin nahastean oso zaila baita bereizten.

Bainugelan
1- Bainua hartu ordez dutxatu. 90-100 litroko aldea suposa dezake.
2- Dutxan, jaboia ematen ari zaren bitartean, itxi kanila. 10-12 litro aurreztuko dira.
3- Hortzak garbitzen dituzun bitartean, itxi kanila. 10-20 litro aurreztuko dituzu.
4- Eskuak gabitzean, jarri tapoia konketan. 10 litro gutxiago beharko dituzu.
5- Komuneko zisternan sartu urez betetako 2 boteila. %40a aurreztuko duzu.

Sukaldean
1- Ontzi-garbigailua beteta dagoenean bakarrik erabili. Bestela 25 litro ur alferrik galduko dira, gutxi gora behera. Berdin gertatzen da arropa garbigailuarekin, baina galera handiagoa da.
2- Ontziak eskuz garbitzen badituzu ez utzi kanila irekita. Erabili tapoia edo ontzi bat. 50 litro ur aurrez ditzakezu.

Autoa
1- Ez garbitu autoa astero, hilean behin egitea nahiko izan daiteke. Hobea da garbiketa gune batean garbitzea, ur gutxiago kontsumitzen da. Zuk garbitzen baduzu, erabili ontzi bat, ez mangera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!