1- Zer nolako balorazio egiten duzu lau urte hauetaz?
2- Datozen hauteskundeetara aurkezteko asmorik ba al duzu?
3- Zein bide hartu beharko luke datorren Udalak?
Karlos Irazu, zinegotzia
1- Aurreko legegintzaldian onartutako arau subsidiarioak ejekutatu dira legegintzaldi honetan. Denetarik egon da, baina nik uste dut balorazio ona egin behar dela. Egiteko zeuden gauzak egin dira. Hobetzeko gauza asko ere egongo dira, eta hori hurrungorako geratuko da.
2- Ez daukat oso argi zer egin. Zortzi urte daramatzat Udalean eta neke pixka bat badut, baina uzteak ere pena ematen dit. Udalean zenbait aldaketa izango da. Hori alde batetik ona izan daiteke jende berriak ideia berriak ekarriko dituelako, baina bestalde, jende berriarentzat ez da erraza izaten Udaleko martxa hartzea.
3- Aldaketa azkarra eta handia izan da eta herriak nola barneratzen duen ikusi beharko da. Horren arabera, behar diren zerbitzuak ahal den modurik hoberenean eskaini behar dira. Aurrera begira, aldaketa gehiago egin behar ote den, nolako aldaketak izan behar duten… erabaki beharko da. Eta erabaki ondoren, egin. Herri txikietan inoiz ez da diru gehiegi izaten gauzak egiteko baina…
Jon Tejeria, zinegotzia
1- Aldaketa handiak izan dira herrian denbora gutxian. Pertsonalki balorazio ona egiten dut.
2- Ez naiz aurkeztuko. Hamasei urte daramatzat Udalean eta dagoeneko nekatuta nago. Badakit beste zinegotzi batzuk ere erabaki bera hartu dutela. Aldaketak izango dira Udalean eta hori positiboa iruditzen zait. Jende berriak gauzak egiteko modu berria ekarriko du, ideia berriak. Horrenbeste urte Udalean egoteak nekea ekarri dit.
3- Larraul herri txikia da eta ez da gauzak egiteko diru gehiegi ere egoten. Proiektu asko ezin da aurrera atera diru gutxi dagoelako. Diru sarrera handiagoa egoteko, etxebizitza gehiago egin beharko lirateke, baina hori komeni den edo ez aztertu egin beharko da.
Iñigo Aginalde, zinegotzia
1- Herriak aldaketa handia izan du. Arau subsidiarioak aldatuta zeuden dagoeneko. Herrian egin beharreko obrak zortzi urtetan egitea espero zen, baina lau urtetan egin dira. Horrek herriari bizitasuna emango diola uste dut. Jende gaztea etorri da eta herriko bizitzan integratzen badira, bizi handia emango diote. Badakit herritar askori beldurra eman ziola aldaketa horiek horren denbora gutxian egitea, baina orain, lanak amaituta, ez dut jendearen iritzi txarrik nabaritu.
2- Nahiko garbi daukat ez naizela aurkeztuko. Udaletxean zuloa uzten dugu eta pena ematen dit, baina ez dut aurrera jarraitzeko asmorik. Udala osatuko duten bost pertsonak aukeratzeko egiten den bileran nere alde egingo balute, pentsatu egingo nuke, baina nere kabuz ez naiz aurkeztuko.
3- Nire ustez bide onetik doa herria. Orain jende berria integratzea izango da hurrengo pausua. Ondoren, haurreskolaren proiektua edota herri eskola sortzeko aukera landu beharko lirateke. Gazteak herrian geratzea bultzatu beharko litzateke.
Adela Mendiola, zinegotzia
1- Balorazio ona egiten dut. Gauza asko egin dira, batzuk ondo eta beste batzuk again ez hain ondo. Momentuak eskatzen zuena egiten joan gara. Udalean egoteak lan asko egitea eskatzen du eta guk ahal izan duguna egin dugu.
2- Ez nago oso ziur. Hiru pertsonek Udala utziko dutela iragarri dute eta beste biak zalantzan gabiltza. Ikusiko dugu hemendik aurrera gauzak nola joaten diren. Horren arabera erabakiko dut zer egin.
3- Ez da erraza, baina jendearen parte hartzea bultzatu beharko genuke nolabait. Askotan herritarrek kritikatu egiten dute, baina ez da kritika konstruktiboa. Horrek ez du laguntzen. Gauzak, guztien artean egin daitezkeela uste dut, dena Udalaren esku utzi gabe.