Duela urte eta erdi eman ziren elizako teilatua berritzeko lehen pausuak. “Aurrekontuak eskatu, udaletxean eta Foru Aldundian beharreko baimenak eskatu, arte aditu baten bisita jaso… pausu ezberdinak eman behar izaten dira horrelako lanak egiteko. Antzinako eraikina izanik, ezin dira lanak nolanahi egin. Esaterako, nolako teilak jartzen zaizkion zaindu beharra dago, itxura gehiegi ez aldatzeko”, dio Xabier Iturriotz apaizak.
Hiru astetan egin zituzten teilatua eraberritzeko lanak. Tuberia berriak ere jarri dituzte. “Zaharrak hautsita zeuden eta euri asko egiten zuenetan ura barrura sartzen zitzaigun”, argitu du Xabier Iturriotzek.
Erretaula pipiak janda
Orain erretaularen txanda iritsiko da. “Pipiak jota dago eta tratamendua egingo da hori konpontzeko. Datozen asteetan egingo dituzte lanak eta dirudienez, egun gutxietako gauza izango da. Dirudienez ez da erraza izango tratamendua ondo egitea, izan ere, atzekaldetik pareta ikutzen baitu. Horrek tratamendua aurrekaldetik bakarrik egitera behartuko ditu. Duela urte batzuk ere egin zitzaion antzeko tratamendu bat, baina pipia bueltatu egin zaio”, dio Xabierrek.
“Dirudienez erretaula garrantzitsua da. Errenazimendu garaiko figurak ditu, ohial gainean egindako margolan batzuk eta oso landuak dauden egur tailak ere bai. Tratamendua eginez, dagoen bezala mantentzen saiatuko gara. Beste aukera bat erretaula osoa desmontatu eta tratamendu osoagoa egitea izango litzateke, baina momentuz ez da horrelakorik egingo”, azaldu du. “Tratamendua egiteko produktu kimikoak erabiltzen dira, baina ez dugu uste meza emateko arazorik izango denik. Hiru bat eguneko gauza izango da eta hemen meza igandetan soilik egiten denez, ez dugu oztoporik izango. Arazorik sortuko balitz, Santa Krutz ermita erabiltzeko moduan dago eta katekesia irakasteko erabiltzen den gela ere erabilgarria da”, gaineratu du Xabierrek.
Auzolanean
Hurrengo lana elizaren barnealdea margotzea izango litzateke. “Auzolanean egingo genuke hori. Adunan oraindik ere mantentzen da auzolana eta lan egiteko modu aberasgarria da oso. Lehen ere modu horretara egin izan ditugu beste lan batzuk. Elizan zeuden liburu eta artxibo zaharrak gordetzeko apalak, esaterako, auzolanean jarri ziren. Beharren bat ikusten denean deialdia egiten da eta laguntzeko prest dagoen jendea biltzen da, bakoitzak ahal duen neurrian laguntzeko", azaldu du.