Mende ugaritan zehar Burdinolen industria izan zen Gipuzkoan aktibitate ekonomiko garrantzitsuenetako bat. “XVII. mendean, Leitzaranen, Gipuzkoako zatian soilik, 15 Burdinola zeuden” azaldu du Xabier Cabezonek, www. leitzaran. net webguneko kudeatzaileak eta Leitzaran bailara ikertzen urteak daramatzan gizonak. Burdinola hauen arrastoak, egun legez babestuta daude.“Eusko jaurlaritzak garatu eta aldundik betearazi behar duen legeak balizko arkeologia guneen artean kokatzen ditu burdinolak, baita Plazaolakoa ere. Izendapen honek babes neurri batzuk dakartza berarekin. Burdinola hauek sarri esku pribatuetan egoten dira. Horrela, gehiegikeriak saihesteko, burdinola hauetan egin daitezkeen lan orok ikerketa bat behar dutela dio legeak. Arantzadik edo adituek soilik egin dezaketen ikerketa horren arabera, gero aldundiak baimendu behar du lan horiek egitea” nabarmendu du Cabezonek.
Plazaolako burdinola
Plazaolako burdinola egun ondoen mantenduta zegoena zen. Burdinola honen gainetik ordea, ur kanal bat igarotzen da, XX. Mendean ireki zen zentral elektrikoak behar duen ur indarra izateko. Horrek eragin zuen ezbeharra. “Martxoaren 8an, euri eta haize asko egin zuen eta zentralak matxuraren bat izan zuen, Turbinak geratuz. Orduan ura ez zen igarotzen eta kanalean pilatzen joan zen. Ondorioz, kanaleko urak gainezka egin zuen eta txikitu egin zen, justu Burdinolaren gainean”. Ondorioak nabarmenak izan ziren, “uraren indarrak 20 metro luze zituen Burdinolako horma bat eraman zuen eta baita Burdinolako lurzoruko arrastoak ere, Arantzadi ikertzekotan zen lurzorua, hain zuzen”, zehaztu du Cabezonek. Ezbehar hau sahiets zitekeela uste du Xabier Arrutik, Leitzaranen lan ugari egin duen Andoaingo Burdina taldeko kideak. “Kontua da kanal hau lehen ere beste leku batzuetan hautsi izan dela eta arriskua aurrikusi zitekeela”.
Legea alferrik
Istripua ordea, ez zen okerrena izan. “Zentraleko jabeen aginduz, kanala konpontzen hasi ziren istriputik bi egunetara, inolako ikerketarik egin gabe. Burdinolako lurzoruan gelditzen ziren arrastoak ondea makinekin mugitu zituzten, sekulako harritzarrak ekarri zituzten eta harri horiek jarri zituzten zementuarekin. Burdinolako arrasto guztiak ezabatu dituzte, arkuak desagertu dituzte, burdinola suntsitu dute”, salatu du Cabezonek.
Burdina taldeko kideek eta Xabier Cabezonek Arantzadira jo zuten obrak hasi eta berehala. “Arantzadiko zuzendariak gure aurrean aldundira deitu zuen egoera salatzeko. Hurrengo egunean bertan aldundikoak hurbildu ziren Burdinolara baina ez ziren lanak gelditzeko gai izan, ez dute legea betearazi”. Bi eragile hauek eta Berastegiko Aldin taldeak salaketa argia egin nahi dute. “Txikizio hauek ez baditu ekiditen alferrik dago legea. Pixkanaka Leitzarango ondarea deusezten ari dira eta merke ateratzen zaie. Hemen puskatu eta hausten dena ezin da errekuperatu. Bailara osoan urteetan gauza bera gertatu da”, adierazi dute Cabezon eta Arrutik.
Izan ere, Plazaolako burdinolakoa ez da lehen kasua. Hobe mantenduta zegoen Ollokiko burdinola lurpean utzi zuten orain urte batzuk. Orduan ordea, ez zegoen babes legerik. Orain berriz, legearen babesa ez da nahikoa izan. Leitzaranen aldeko eragileek horrelako azken suntsiketa izatea eskatzen dute. Irudi gehiago argazkien atalean.