Andoaingo EAJ alderdiak gogor kritikatu du Gobernu taldeak enpresak sortzen laguntzeko abian jarritako ekimena. EAJ-ren ustez, gobernu taldeak abian jarritako egitasmo berria “PSOE-k eta PPk Andoaingo La Salle Berrozpeko lanbide eskolaren iniziatibari eginiko mespretxu ikaragarria” da. Prentsa ohar bidez EAJ alderdiak gogora ekarri du Andoaingo La Salle-Berrozpek “Enpresen mintegia” bezala ezagutzen den proiektua eskuartean duela eta proiektu hori bera Andoaingo Udalari aurkeztu ziola bere garaian. “Proiektuak, funtsean, enpresa berriak eta ondorioz, lanpostu berriak lortzea du helburu, gazteei eta lanpostu propioari zuzendua. Proiektuak bat egingo luke lanbide eskolak berak duen helburuarekin”. La Salleren egitasmoaren defendatzaile agertu dira jeltzaleak, “Orain ordea, Andoain Emprende proiektuan sartu da buru belarri Gobernu taldea, baina beti bezala, herriko agente sozialekin kontatu gabe eta Udalean parte hartzen dugun gainontzeko alderdi politikoei ezer aipatu gabe”.