Zer moduz doa denboraldia; aurreikusi baino hobeto edo okerrago?
Aitor Aramendi: Maila berrian, hasiera nahiko ona izan genuen. Espektatibak mantentzeko aukera onak izan genituen. Jokatutako hamar partidetatik bost irabazi eta bost galdu genituen. Hala, sailkapenaren erdian kokatu ginen. Gure burua ondo ikusten genuen, maila altua zelakoan. Ezustekoa izan zen guretzat. Gero, bolada txarra izan genuen, bederatzi norgehiagoka jarraian galdu baikenituen. Ondorioz, sailkapeneko azken postura jaitsi ginen. Larunbatean irabazita azken postuan jarraitzen dugu, baina bost edo sei talderen garaipen bat edo bira gaude.
Jokalariok nola egokitu zarete maila berrira?
A.A.: Erregional mailan ez zegoen 24 segundotako erlojurik. Orain horrek taldea sasoi onean egotea eta partidetan bizitasuna egotea eskatzen du. Denboraldi honetan, partidak ikusgarriagoak dira. Erritmoa altuagoa eta biziagoa da. Partidak politagoak dira. Bestela, mailaz aldatzeak hainbesteko aldea ez du suposatu. Bidaia luzeagoak egiten ditugun arren, ondo moldatzen gara.
Orain irteera luzeagoak dituzue. Bidaiatzea zer moduz daramazue? A.A.: Irteerak ederki aprobetxatzen ditugu. Urrutien Logroñon, Calahorran eta Araba aldean jokatu dugu. Oro har, harrera ona egin digute egon garen lekuetan. Logroñora joan behar genuenean, partida arratsaldeko bostak aldera zen. Eguerdi partean bertan ginen, pintxoak jan, bueltatxo bat eman eta partidu aurreko kafea hartzen. Gero, emaitzak txarrak izan arren, beste aurpegi batekin bueltatzen gara etxera. Ez dugu guztia norgehiagokara mugatzen. Autoetan joaten gara, gastuak partekatzen ditugu.
Ondo eramaten ari gara. Hurrengo hilabeteei begira, zeintzuk dira talde gisa dituzuen asmoak?
A.A.: Helburua aurtengo mailari eustea litzateke. Horretarako, arerio zuzenak diren taldeei irabazi behar diegu. Bestalde, ditugun jokalari lesionatuak errekuperatzea eta bidean taldekide berri bat fitxatzea litzateke asmoa. Jende eta errotazio falta baitugu.
Hurrengo urterako plantilla ziurtatua duzue?
A.A.: Hurrengo denboraldirako hiru jokalariren beharra izango genuke. Andoaingoak izatea posible balitz hobeto, baina aurkitu ezinik ibiltzen gara. Plantilla osatu nahiko genuke. Herritik kanpo bizi den jendearen aldetik etorriko da irtenbidea. Hala ere hori guztia maila mantendu edo ez mantentzearen mende geratuko da.
Gipuzkoan saskibaloia indartzen ari dela nabari duzue?
A.A.: Bruesa ACB mailara ailegatu baino lehen, saskibaloia kirol jarduera gisa galtzen ari zen. Maila jaisten ari zen, jokalariak ere saskibaloia uzten ari ziren, harmailetan zaletu gutxi zeuden… Bruesa egungo mailan egotea Andoainen asko nabarmendu da, bazkide eta zaletuen artean. Gure kasuan ere mailaz igotzeak interes handiagoa piztu du. Afizio gehiago sortu du. Eskerrak hor dauden zaletu eta babesleei.