Oñatz Gonzalezek abenduan Gipuzkoako txapela eskuratu ostean, Euskal Herriko Pilota Federazioak antolatuta, Ohorezko Mailan jokatzeko aukera eskuratu zuen.
EAEko eta Nafarroako aurtengo eta iazko txapeldunek osatu zuten ligaxka. Eta partida guztiak irabazita lortu zuen finalean sartzea.
Aurreko larunbatean, Urretxuko Ederrena pilotalekuan jokatu zen finala. Aurkaria, Gernikako Oar Arteta izan zen.
Partidari dagokionez, oso berdindua izan zen. Ez zen irabazle garbirik ikusten. Serio jokatuz eta pilota ongi mugituz, akats handirik gabe.
Markagailuan hamarna berdinduta, ia berrogei minutu zeramatzaten jokoan. Azken tantoarekin bi pilotariak kantxa erdian makurtuta geratu ziren, arnasari buelta eman ezinik. Hala ere, hamabosna berdintzea lortu zuten berriz.
Azkenik, sakea Oñatzi zegokiola, pilota astunagoa eta azpitik ibiltzen zena atera eta zazpi tanto jarraian egin ostean 22ra iristea lortu zuen.
Guztira 65 minutu iraun zuen partidak eta Oñatz, pozez gainezka. Zorionak!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!