Zer moduzko hasiera izan du Bihurri haur-eskolak?
Sonia Pascual. Oraingoz pozik gaude, orain hiru aste ireki genituen ateak eta dagoeneko 0-1 urteko gela beteta dugu. Beste gela betetzen ari da eta 1-2 urteko gelan hamar haur ditugu.
Zein izan da gurasoen lehen inpresioa, gustura al daude?
Sonia Pascual. Instalazioekin oso inpresio ona hartu dute denek, arreta berezia eskaini genion alor honi. Baita segurtasunari eta garbitasunari. Xehetasun guztiak zaindu ditugu, oso garrantzitsua dela uste baitugu. Eskola oso argia da. Gela guztietan kanpoko argia sartzen da, gainera oso koloretsuak dira paretak. Haurrek jolasteko leku handia dute, guretzat garrantzitsua baita haurrek jolasteko aukera izatea. Instalazioak ikustera etorri diren ia denek haurra hona ekarri dute. Sei lagun gaude, denera, lanean. Adinaren arabera, 85 haur hartzeko lekua dugu.
Ludoteka zerbitzua ere eskaintzen duzue
S.P. Aste Santuan hemen geratzen diren 3-8 urte bitarteko haurrentzat tailerrak eta jolasak antolatuko ditugu. Oporretako tailerrak haurreskola barruan eta kanpoan egingo ditugu.
Aurreikuspenak betetzen ari al zarete?
S.P. Bai, aldez aurretik izena emandako datuak eskuan hartuta, 0-1 urteko bigarren gela apirilerako beteta izatea aurreikusten genuen eta horrela izango da. Zergatik egiten duzue 0-3 urteko haurtzaindegiaren alde? S.P. Hezitzailea naiz eta nire esperientzia adin tarte horretan dago. Sektore pribatuan ezin duzu adina handitu. Gainera, gure ustez, beharra badago.
Zuen ustez, beraz, 3 urteko haurra hobeto dago haur-eskolan ikastetxean baino?
S.P. Ordutegiaren aldetik, guk eskaintzen dugun ordutegia malguagoa da gurasoentzat. Hezkuntzaren aldetik ez naiz ausartzen. Ikastetxeetako hezitzaileek zerbitzu ona eskainiko dute, ziur. Irudipena daukat, hala ere, ikastetxeen araudia haurreskolarena baino gogorragoa izango dela.
Zein iritzi duzue Haurreskolak Partzuergoa 0-2ren alde egiten duen apustua?
S.P. Gurasoen ikuspegia kontutan hartuta, niri iruditzen zait 2-3 urteko gela kentzea ez dela albiste ona. Lan egiten duten gurasoentzat beharrezkoa da zerbitzua hiru urtera bitarte eskaintzea. Arazo bat da guraso askorentzat. Guri, horregatik, guraso gehiago gerturatuko zaigu agian. Nik uste zerbitzu hori eskaini behar dutela haurreskoletan.
Laster haurra edukiko duen kasuan instalakuntzak ikusteko aukera al dauka? Zer egin behar da horretarako?
S.P.Edozein unetan etor daitezke interesatuak, goizetik iluntzera arte hemen gaude. Nahi izanez gero, telefonoz dei dezakete etorri aurretik.