Euskara beharrean da, hainbat esparrutan hutsuneak daude eta horiek guztiak gainditzeko jarduera zehatzak biltzen dira onartu berri den plan estrategikoan. Neurri berritzaileen artean aurkitzen dira Udalarekiko hitzarmenetan edota teknologia berrietan euskararen erabilera sakontzen laguntzea.
EUSKARA IRAUNKORTU / Helburu estrategikoa
Euskararen erabilera bermatu asmoz, funtsezkoa da etorkizunera begira jartzea. Irakaskuntza, aisialdia eta familia dira helduleku aproposenak. Irakaskuntzari dagokionez, bi neurri nabarmentzen dira:
• Etorkinen seme-alaben integrazioa areagotzeko egitasmoak.
• Lanbide Hezkuntzako zentroetan euskara sustatzeko laguntza ematea. Eskola barruan erabilera bermatua dagoela aurreikusten da, baina eskolaz kanpo oraindik bada zereginik. Besteak beste, hauexek:
• Eskola barruko eta kanpoko komunikazioan (inprimakiak, bilera aktak, zirkularra,... ) euskara erabiltzeko laguntzak eskaini.
• Ikasgelaz kanpoko ekintzetan euskararen erabilera areagotzeako, indarrean dauden ekimenen berri ematea eta horretan parte hartzeko laguntza eskaini.
Euskara ikasten ari diren ikasleei begira, euskara sendotzeko topaguneak edota murgiltze ekintzak bideratzea aurreikusten da planean. Lehen helburu honetan, familiari dagokion atalean, gazteengan eragin nahi da norabide bikoitzean: bikote-hizkuntza finkatzeari begira, eta haurraren lehen hizkuntza ziurtatzeari begira.
EUSKARA ERABILI / Helburu estrategikoa
Administrazioa, lan mundua, kirola... euskararen erabileran gabezia handiak dauden esparruak dira. Euskararen normalkuntzarako funtsezko dira aipatu jarduera horietan euskara sustatzea. Neurri sorta bat bideratzea proposatu du Udalak plan estrategikoaren bitartez:
• Administrazioak dirulaguntzak banatzeko deialdietan edota egiten dituen kontratuetan (zerbitzuak, obrak, aholkularitza) hizkuntza irizpideak ezarri..
• Euskararen erabilera arautuko duten udal ordenantzak definitu eta kaleratu.
• Elkarteek eta herritarrek interneten duten edo jartzekoa duten informazioa euskaraz ere egoteko laguntza teknikoa eta diruzkoa eskaini.
• Enpresetan barne eta kanpo plangintzak egiteko laguntza eskaini. Jaurlaritzak eta Aldundiak eskaintzen dituzten laguntzak ezagutarazi eta eskaera egiteko languntza eskaini.
• Lan munduan lehen hitza euskaraz izan dadin lagundu.
• Kirol taldeek erabiltzen duten materiala euskaraz izateko laguntzak bideratu.
EUSKARA SENDOTU / Helburu estrategikoa
Errotulazioa, publizitatea, hedabideak... euskararentzat ohiko eremu bilakatu behar dira. Hizkuntza-paisaia bezala definitzen dena euskararen aldekoa izan dadin laguntzak eskainiko ditu Udalak. Familian, hezkuntzan, lanean, administrazioan eta kalean euskaraz bizitzeko plana dauka Urnietak.