Herrian euskara sustatzeko plana onartu da, eta nahiz eta trantsizioko plana bezala izendatu dudan askotan (bi urtetarako diseinatu baita), Udalbatzan botoa duten alderdi politikoek euskararen erabilera areagotzeko jasotzen dituen ekintza edo neurriei buruz duten sinismen ezak etsitzen nau.
Hasiera batean haserre nengoela aitortu behar dut, legalitatea gora eta behera aritu nintzen PSE eta EBko ordezkariekin, koofizialtasuna eta betiko konstituzio, estatutua eta legea ahotan, aspaldiko txikle bang-bang bi izango bailituzten (PPko zinegotzia ez zen Euskarako batzordean izan). PSEren argudioa: legea ez zela betetzen. Gure planeko ekintzek ez zutela ez konstituzioa, ez estatutua eta ez Euskararen Legea betetzen.Guk baietz. Ezker Batuak, PSEren hegalpean, informe legalak eskatzen zizkigun, guk, legaltzat jotzen genuela, baina kontsulta egingo genuela agindu genuen, eta hala izan zen. PPrentzat euskara zer den ere ez dakit, folklorea agian?
Herriko ordezkari batzuentzat, euskarak ez du inolako babesik behar. Bi hizkuntzetan egin behar duen bakarra administrazioa da, eta honek ez du ezer egin behar, ezer eskatu behar herritarrek euskara erabil dezaten. Hori interbentzionismoa egitea omen da. Administrazio askok, ahulena babesteko, goratzeko, politika positiboak jartzen dituzte martxan, kasu hauetan interbentzioa egiten da, noski, diru publikoarekin, noski, beharrezkoa da, noski. Euskarak oraindik, tamalez, behar hori du.
Hori horrela den bitartean ni interbentzio politikak egitearen aldekoa naiz eta izango naiz. Beraz, interbentzionista naiz. Ziur nago aldizkari honen irakurleak ere interbentzionistak izango direla. Bai, triste nago interbentzionista izan behar dudalako, baina are tristeago nago udal ordezkarien gehiengoa interbentzio horren aldekoa ez delako… edota premia hori ikusten ez duelako.
Maribel Vaquero, Euskara zinegotzia