Bertso ederrak Algodonerako emakumeen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 13a, 07:55

Aitor Mendiluze eta Jokin Sorozabal Andoaingo bertsolariek saio txikia baina ederra eskaini zuten. Hona, bertsoak:

Sorozabal

Udaberriko goiz fresko hontan

Egun on bezate danak

Hemen ditugu Algodoneran

Langile leial izanak

Zuek zerate plaza honetan

Gure ohorezko damak

Gure umeen amonak eta

Gure herriaren amak

 

Aitor Mendiluze

Zorretan daude zorretan gaude

Zorretan dago Andoain

Miresmen keinu bat eskaintzeko

Eskerrak emateaz gain

Lehen egindako ahalegin denak

Gogoan harturik orain

Jaiegun honek izan nahi luke

Lan egun askoren ordain

 

Sorozabal

Isil isilik eta lanean

Eman ezkero bizia

Esan liteke omenaldi bat

Dagoela merezia

Gure herriko kondaira dago

Zuen oihalez jantzia

Hori izan bedi historiari

Emandako herentzia

 

Aitor Mendiluze

Hari bat eta beste hari bat

Beste muttur bat iruten

Matatza gisa jakin dutenak

Denborarekin irauten

Orain betiko bihurtu dira

Ez muga ta ez iraupen

Erakusteko hari mutturrek

Zenbat gauza lotzen duten

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!