Epaiketa azkenetan da?
Teresa Toda: Epaiketa azken fasean sartuta dago. Gure defentsak tribunalari gu absoluzioa emateko dauden arrazoiak azaltzearekin eta prozesatuon azken hitza entzutearekin amaituko litzateke aste honetan bertan. Hortik aurrera, sententziaren zain geratuko ginateke, hamasei hilabete luze pasa ondoren.
Hortik aurrera, zeintzuk lirateke hurrengo pausoak?
T.T.: Prozesamendua ezohikoa izan da hasieratik. Hemendik aurrera ere hala izan daiteke. Kutsu politikoa duenez, kezka hori dugu. Jarrai-Haika-Segi auziari erreparatuta, epaileek hiru hilabete hartu zituzten epaia kaleratu aurretik. Kasu honetan ere, gutxienez denbora hori beharko dute. Epaileek haien lana behar bezala egingo badute, 100.000 foliotik gora begiratu behar baitituzte. Banan bana auzipetu bakoitzaren kasua aztertu beharko dute.
Epaiketak duen kutsu politikoa aipatu duzu?
T.T.: Auzi honen atzean bi hitz handi daude: politika eta ezker abertzalea. Ideologia, adierazpen askatasuna, enpresa txikiak, nazio eraikuntza. Aznarren garaitik dator ildo hau. Ez dago ekintza deliktiborik baina orain artean ikusi denez, ez dute jarrera aldatu. Fiskalaren eskaerak urteetan murriztu diren arren, esentzian edota auziaren mamiak bera izaten jarraitzen du.
Epaia kaleratuta, errekurrituko duzue. Zer egoeratan geratuko zinatekete?
T.T.: Epaia kaleratu ahala, erabateko absoluzioa ematen ez badute, errekurtsoa aurkeztuko litzateke. Tarte horretan, Auzitegi Gorenak aztertu eta epaia kaleratu artean, gu kalean egongo ginateke. Hori litzateke ohikoa.
Animikoki zer moduz zaudete?
T.T.: Hamasei hilabete luze igaro direla nabari da. Tentsio handia, eta gure bizitza eta lana hankaz gora. Lortu dugun elkarlaguntza eta batasuna oso garrantzitsua eta aberatsa izan da. Azken uneak, bereziki oso gogorrak izan dira. Froga asko eta hainbat lekukotza aurkeztu diren arren, fiskaltzak ez baitu jarrera aldatu. Ez diogu egindako ibilbideari uko egiten, horretaz harro gaude. Bestalde, kontuan hartzekoak dira hilabete hauetan gertatutakoa; Jokinen heriotza, kide batzuen gurasoak hil dira, auto istripuak… Gure familietan ere adineko pertsona asko eta haur txikiak daude eta gure egoerak eragiten diete.
Horregatik guztiagatik, eta epaiketaren amaiera dela eta, Bilbon larunbatean izango den manifestaldiak berebiziko garrantzia du?
T.T: Azpimarratzekoa da 18/98+ plataformak egin duen lan handia. Larunbateko manifestaldiak kutsu berezia izango du, aste honetan epaiketan gure azken hitza eman ostean gertatuko baita. Gure azken hitza Euskal Herrian esan nahi dugu. Gure hitza babesa eman digutenekin batuko da. Madrilen ere ikus dezatela, Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoa auzi honen aurka dagoela.