700 konpostagailu eskura ipini ditu mankomunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 8a, 07:35

San Markos Mankomunitateak 700 konpostagailu eskura jarri ditu. Interesdunek zenbait baldintza bete behar dute. Informazio gehiago: 943 670 249.

Toki Alai etxean duela urtebetetik zaborrak kudeatzeko San Markos Mankomunitateak eskainitako konpostagailua dute. Ordutik, Joxe Antonio eta Ane Salsamendi aita alabek alde handia nabari dute. Baina haien esanetan, ez da aski. Zaborren arazoa konpontzeak egun dugun jarrera aldatzea eskatzen baitu.

Gutxi gorabehera, eguneko zenbat zabor sortzen duzue?
Joxe Antonio Salsamendi:
Lau pertsona bizi gara. Bataz beste, eguneko lau bat kilo zabor sortzen ditugu. Kopuru hori da konpostarako biltzen duguna gutxi gorabehera.

Duela urtebetetik konpostagailua duzue etxean?
J.A.S.:
Urtebete pasa ostean, orain hustu dut, dena beteta baitzegoen. Konposta ona lortu da eta aurrera segitzeko asmotan gara.

Nolatan erabaki zenuten etxean jartzea?
J.A.S.:
Ikusita esaten zutena eta guk hemen jartzeko leku egokia izanda, ez zitzaidan aldrebeskeria iruditu. Egin genezakeen gauza bat zela iruditzen zitzaidan.

Horrekin batera gaiari buruzko tailer batean parte hartu zenuten?
Ane Salsamendi:
Konposta nola egin azaldu zuten. Hor gomendio bakarra zen; usainagatik arrautza azalak eta arrainak botatzea ez zela komenigarria. Gainerakoan, kanpoan dugu. Betidaniko konposta egiten da bertan, gai organikoekin lortutakoa.

Zer lan eskatzen dizue konpostatzeak?
J.A.S.:
Zaborrak bereiztea, beste lanik ez du horrek; konpostagailurako dena bereiztea. Lurrarentzat ondo datorkit eta jarri genuenetik, zabor gutxiago sortzen da.

Zaborren kudeaketa pil-pilean dago, erraustegia egiteko asmoa dela eta.
A.S.:
Hortik etorri zen konpostagailuaren kontua. Ikusita zer beharra zegoen, beste alternatiba bat emateko, leku guztietan jarri ezin den arren. Ahal den moduan, zaborrak banatzen ikasi behar. Organikoena beste aukera da; pisuetan bizi garenok, birziklatzea da egin dezakeguna. Horretan saiatzen gara; hori da eskura dugun aukera bakarra.

Zuen esperientziatik, bideragarria iruditzen zaizue konpostagailuen alternatiba?
A.S.:
Bideragarria da. Gurasoek horrelako lekua izateko zortea dute. Baina kalean bizi garenontzat ere hori biltzeko aukera izan beharko genuke.

Horrelako alternatibek bultzada handiagoa beharko lukete?
A.S.:
Erakundeek laguntza eskaini behar dute. Baina lehenik norberak egin behar du horrelako saiakera bat. Gure buruaren aurka goaz. Heziketatik, jendea konturatzetik hasi behar da. Denon arazoa izanda eta norberaren esku dagoen neurrian, gutako bakoitzak egiten hasi behar du.
J.A.S.: Konpostagailu horiek guztiak egokiak dira, baina hemen ikusten den arazoa da berziklatzeko enbase asko dagoela. Urte batzuk atzera egiten baditugu, orduan sortzen zen zaborrak egun sortutakoarekin ez du antza handirik. Denok eroso bihurtu gara; guztia erabili eta bota egiten dugu. Horrek arazo izugarria ekarri du zaborren gaian. Konposta egin arren, zaila ikusten dut horri irtenbidea aurkitzea, barru barrutik herritarren eta enpresen jokabidea aldatzen ez bada behintzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!