Lokalak etxebizitza bilakatzeko ordenantza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 8a, 07:34

Gaiarekin demagogia gehiago egin nahi ez zutela eta, azken unean, martxoaren 5ean ospatu zen ezohiko udalbatza saioa bertan behera geratu zen. Etxebizitza azpietan edo beheko solairuetan kokatzen diren lokalak etxebizitzetan bihurtzeko ordenantza ez zen aurrera atera.

Jeltzaleek Donostialdeko erregistradoreak gune  horietako prezioak kontrolatzeko “atzera-eskuratze eta eroslehentasuna” delakoa ezin zuela erregistratu aipatzen zuten. Auzia, Udalaren eta partikularraren arteko hitzarmen gisa planteatzen zuten.
Baina, ordenantzak haiek aipatutako babes legal ezaz gain, babes politikorik ere ez zuen izango; PP-k abstenitu eta PSOE-k eta IU-k aurka bozkatzeko asmoa zuten eta.
Gaia mahai gainean jarri zen unetik, eztabaida bizia piztu zen udal ordezkarien artean. Ezker Batutik, Juan Mari Tomasenak espekulatzaile gutxi batzuek gainerako herritarrak ezin zituztela baldintzatu zioen. Florentino Ugalde alkatearen esanetan, ordenantza onartu edo ez espekulazioa berdin egongo zela zioen. Baina ordenantza atzera botaz gero, urnietarrei mesede egin beharrean, herrikoak ez direnak izango zirela onuradun bakarrak.
Alkateorde Maribel Vaquerok, ordenantza horren helburua, etxebizitza bat prezio merkeagoan lortu eta beraz, zailtasunak zituztenei merkatu horretara sartzeko aukera eskaintzea zela aipatzen zuen.

Bestalde, PSOE-ko Herme Gonzalezen esanetan, gazteei zuzendutako etxebizitza eskaintzarik ez egitea leporatu zion udal gobernu taldeari. Horri erantzunez, Vaquerok amaitzear den legegintzaldian 180 etxebizitza eskaini dituztela erantzun zien sozialistei.
Aipatutako tira-bira horien ostean, alkate Florentino Ugaldek etenaldi bat egitea erabaki zuen gaiaren inguruko erabaki bat hartzeko. Hala, EAJ-ko ordezkariak eserlekuetatik altxa eta pleno aretotik irten ziren. Itzuleran, gaiaren inguruko erabakia hurrengo legegintzaldirako uztea erabaki zuten, gaiarekin inork demagogia gehiago egiterik ez zutela nahi argudiatuta. Ezohiko saio horretan zegoen gai bakarra beraz, hurrengo legegintzaldira arte ez da berriz mahai gainean jarriko.

AURREKONTUAK

Maiatzaren 27an izango diren Udal eta Foru hauteskundeak tarteko, denbora tarte labur horretarako aurrekontuak aurkeztu ditu alkateorde Maribel Vaquerok. Legegintzaldia amaitzear baita eta Vaquerok adierazi zuenez, ez dute udalbatza berria aurrekontu hauei lotzerik nahi. Funtzionaltzat definitzen dituzte, batez ere gizarte arlora bideratuta dagoen diru partida saila; 3.267.006 eurotakoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!