Datozen asteetan aurkeztu beharko lirateke gainerako hautagaiak. Oraindik orain ez dira ofizialki aurkeztu EAJko, EAko, IU-Aralar koalizioko edota ezker abertzaleko hautagaiak.
Martxoaren 2an Urigainen prentsa agerraldia deitu zuen PP-k. Mahaian Cano alkategaia eta Gipuzkoako PPko buruzagiak. Ikusleen artean, kazetariak zein PPko Gipuzkoako nahiz Andoaingo kideak. Pozik agertu zen Cano azken hiru agintalditan udalgintzan lanean aritu delako. Eta harro azken lau urteetan Gobernu taldean garatu duten lanaren inguruan. Mugikortasuna, hirigintza, gizarte zerbitzuak, hezkuntza alorreko programak... bere hartu zituen azken urteetan bideratu diren hainbat ekimen. Sozialistekin aurrera eramandako lanarekin gustura azaldu zen, “Zapateroren politikarekin oso kritiko naiz” gaineratu arren. Horregatik, Andoainen gobernatzeko funtsezkotzat hartu zuen PP eta PSE alderdien artean egon den leialtasuna eta errespetua.
Herritarrei eskaintza berezia egin zien Canok, “nire alderdien siglak, printzipioak eta baloreak eskaintzen ditut. Baita herriari hamabi urtez egin diodan ekarpena udaletxea kudeatuz. Unea iritsi da neretzat eta alderdiarentzat orain arte izan ez dugun erreferentziazko lekua aldarrikatzeko. Garai hauetan ezinbestekoa dela deritzot”.
Juan Carlos Canok behin baino gehiagotan goraipatu zuen Serafin Torrado alderdikideak andoaindarren alde egindako lana. Zerrenda osatzen ari dira maiatzaren 27ko deialdiari begira.