Skalariak, Julieta Venegas, Raimundo Amador edota Zea Mays musika karteldegian.
Antolatzaileak dagoeneko azken prestaketa lanetan ariko dira, astebete eskas geratzen denean, jada, erreferentziazkoa bihurtu den jaialdirako. Sagarrondotik datorren asteburuan ospatuko da; martxoaren 16tik 18ra. Dagoeneko bosgarren ediziora ailegatu da geroz eta sona handiagoa duen jaialdia. Aurtengoan ere bi osagai nagusi izango ditu; musika eta kirola. Eta bati zein besteari laguntzeko jan edan eta azokekin batera, noski, sagardoa izango da protagonista.
ANIZTASUNA OHOLTZA GAINEAN
Musika karteldegia osatua dute. Azken orduko aldaketarik ez bada behintzat, hamaika emanaldi izango dira hilaren 16an eta 17an, ostiral eta larunbat gauean hurrenez hurren. Delorean, Skalariak, The James Taylor Quartet, The Bon Scott Band, La Inconsciencia, De Uoho, Obrint Pas, Atom Rhumba, Julieta Venegas, Maneta De Kamioneta eta Raimundo Amador, eta Zea Mays. Joera ezberdinetako eta Euskal Herriko zein kanpoko musika taldeak bilduko dira Hernanin.
Sarrerak Urnietako Xauxar tabernan eskura daitezke. Bi kontzertu gauetarako bonoa ere salgai dago 36 euroren truke.
SAGARDOA
Sagardo kutsu handia hartuko du Urnietako San Juan plazak martxoaren 18an. Goiz erdian, bailarako produktuen azoka zabalduko baita. Ordurako, Urnietako kirol taldea ere prest izango da. Aurrez aurre izango dituzte, Usurbil, Astigarraga eta Hernaniko kirolariak. Etxekoak, iaz bezala, irabaztera irtengo dira.
HERRI KIROL LEHIA
Martxoaren 18an, igandearekin, herri kirol lehiaren edizio berria izango da. Sardonek marka berria ipintzeko ahalegina nabarmendu behar da aurtengo edizioan.
Hona, egitaraua:
10:00. Sagardo festa San Juan Plazan.
11:00. IV. Herri Kirol Lehia Udal pilotalekuan. Urnieta, Usurbil, Astigarraga eta Hernaniko taldeak aurrez aurre ondorengo probatan: sokatira, sagar iltzatzea, ingudea, harri jasotzea, txingak, zaku lasterketa eta lokotxak.
12:00. Marijo Sardon harrijasotzailearen errekor saiakera 113 kiloko harri zilindrikoarekin 5 minutuko txandan.
Igandeko ekitaldiaren aurretik, asteburu osoko musika festa izango da Hernanin. Euskal Herriko eta nazioarteko taldeen bilgune bilakatuko da Buruntzaldea. Eskualde osoko musikazaleak bertan bilduko dira.