Eskerrona adierazteko Aipamen Bereziak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 8a, 07:15

Ikusentzunezkoaren gaua izan zen, hura baliatu baitzen Aipamena eskuratu zutenen lana hobeto ezagutzeko.

Aipamena eskuratuko zutenen izenak aurretik iragarrita, interesa ekitaldian bertan zegoen. Eta bertaratu zirenak ekitaldi polit baten lekuko izan ziren. Aipamena eskuratu zutenen adierazpenak eta hauek taulagainera igoarazi aurretik eskainitako ikusentzunezkoak izan ziren osagai bakarrak.

Irudiz eta hitzez hobeto ezagutu ahal izan zen 36ko gerra oroitu, bildu eta argitara emateko eskualdean egindako ahalegin izugarria. Gauza bera Gasherbrum II espedizioaren inguruan. Natural, diren bezala, agertu ziren Zizurkilgo mendizaleak. Haien kamarako irudiak baliatu ziren espedizioaren dokumentaltxoa lantzeko.

Lehen edizio honen amaieran bertsoak hartu zuen garrantzia. Amaia Agirrek, oroigarria ematearekin batera, bertso ederra eskaini zion Txomin Garmendiari. Modu berean erantzun zuen honek, esker ona adierazteko.

Datorren urtean jarraipena izango du ekitaldiak. Hainbat jardueretan lanean dabiltzan pertsonen eta elkarteen ekimena eskertzen jarraituko du Aiurrik.

LEHEN EDIZIOKO PROTAGONISTA NAGUSIAK 

2007, otsailak 22, osteguna. Villabonako Gurea antzokia. 

Kirola: Gasherbrum II 2006 espedizioa
BALIABIDE GUTXIREKIN, BALENTRIA HANDIA:

Zizurkilgo Kandido Aizpurua, Iñaki Urkola eta Aitziber Ibarbia.
Gasherbrum II-era egindako balentria irudi bidez ikusi ahal izan zuen Gureara gerturatu zenak. Lehen aldiz eskaini zen jendaurrean, horregatik, mendizaleen harridura eta emozioa parekoa zen.

Gizatasuna: Oroimen historikoa
36KO GERRA, AHOZKO LEKUKOTZAREN BIDEZ:

Asteasuko Anjeles Uzkudun eta Andoaingo Xabier Lasa.
Xabier Lasak Oroituz Andoaingo taldearen eta Anjeles Uzkudunen izenean eskerrak eman zituen. Andoaindarrak adierazi zuen pribilejioa zela Uzkudunekin batera aipamena eskuratzea.

Ohorezko Aipamena: Bizi osoa euskararen alde
ZUTABEGILE, IDAZLE ETA BERTSOLARI

Berrobin sortu eta Villabonan bizi den Txomin Garmendia bertsolaria.
Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek merezimenduak irakurri ostean, Amaia Agirrek bertso bidez eskaini zion oroigarria. Txomin Garmendiak eskerrak eman zituen bi bertso ederrekin.

 

BIZITZA OSOKO JARDUN EREDUGARRI BATI

Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko Zuzendaritza Batzordeak, Txomin Garmendia jaunaren alde Ohorezko Aipamena egitea erabakitzeko aintzakotzat hartu dituen merezimenduak hauexek dira:

Bertsolaritzaren eskola zaharrean hazi eta hezitako bertsolari bikaina izan da berrobitar-villabonatarra, molde zaharreko bertsolaritzan ontasun eta kalitate handiz jardun duena Euskal Herriko hamaika plaza eta txokotan, apal baina apalkeriarik gabe, dotore baina harrotasunik gabe, bertsolari handien legez.

Belaunaldien arteko bertsogintzan zubigile izan da Txomin Garmendia, zubigile eredugarria, bertso bizia, indartsu eta oldartsua, jendearengan gogokidetasuna bilatu eta aurkitu duena. Hamaika aldiz ikusi dugu bertsolari gazteekin bertso-lehian, saio gogoangarriak eskainiz.

Eredugarritasuna aipatu dugu, Txomin Garmendia bertsolari gazte askoren ispilu eta eredu izan baita, bai gaur bertsogintzan diharduen hainbat bertsolari oholtzara erakarrarazteraino.

Bertsolaritzaren eskola zaharrean egindako bertsolaria izan arren, bertsogintza modernora inolako jauzirik egin gabe etorri den bertsolaria da, molde berritzaileei patxada osoz eta ausardiaz aurre egin diena, joera berriei bere burua primeran egokituz. Ez da, beraz, atzera gelditu den bertsolaria, eta hori guztia bere kalitate mailari eutsiz.

Txomin Garmendia ez da pentsatzen duena isiltzen duenetakoa.  Argi eta garbi frogatu du hori bere bertsoetan, eta egunkari eta aldizkaritan argitara eman dituen lanetan, baita bere liburuetan ere. Eskuzabaltasunez eta onginahiez eman izan ditu ezagutzera, baina, beti bere iritziak, hori bere jardunaren bertute egiteraino.

Bertsolari-kurpilla, Erririk-erri; Beltzak eta zuriak mendian ardiak bertso liburuak; Bizitzaren arian; Denbora pasa; Gipuzkoa. Biotz-begietan kronika liburuak, eta Bordaberri eleberria. Berrobiko semearekin zorretan dira bertsozaleak eta euskaldunak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!