Beterri-Aiztondoko hainbat elkarte, taberna, enpresa zein etxe partikularretan sartu dira lapurrak azken hilabeteetan. Herri guztietako hizpide nagusi bihurtu da lapurretena, nahiz eta datuen arabera, Gipuzkoa den lapurreta tasa txikienetakoa duen probintzia.
Leku publiko zein pribatuetan
Aiurrik baieztatu duenez, elkarte eta leku publiko ugaritan jasan dituzte lapurretak. Larraulgo elkartean esaterako, hiru bider sartu dira azken hilabeteetan. Gauza bera gertatu da Zizurkilgo Zentroan ere. Plaza berean dagoen Kultur Etxera ere sartu ziren, hainbat kalte eraginez ate eta kristalei. Horrez gain, ezaguna izan zen Adunako sagardotegi bati egindako lapurreta ere. Eskopeta eskuan sartu zen gizonezko batek dirua ostu zuen. Kasu honetan ertzainek lapurra harrapatu ahal izan zuten, dirua oraindik aldean zuela.
Leku publiko horiez aparte, kezka gehien sortzen dutenak etxe pribatuetan egindako lapurretak dira. Gehienean etxekoak kanpoan direnean egin badira ere, lotan zeudela baliatuz ere sartu dira etxeren batera.
Hainbat aholku
Lapurreta hauek ahal den neurrian ekiditeko, ondo legoke hainbat aholku kontuan hartzea:
-Egun batzuetarako kanpora bazoaz, ez jendaurrean jakinarazi.
-Gertukoren bati eskatu maiztasunez buzoiko gutunak hartzeko eta pertsianak ireki eta ixteko.
-Giltzak galduz gero zerraila aldatu.
-Balio handiko objekturik ez utzi luzaroan hutsik egon ohi den etxe batean.
-Mugimendu arraroren bat ikusiz gero, Ertzantzari abisua eman.
-Etxe barruan lapurrarekin aurkituz gero, ez aurre egin. Hori bai, saiatu erasotzailearen ezaugarri fisiko eta jantziak gogoan hartzen.
-Erasotzaileak lapurretarik egin ez badu ere abisua eman.
Lasaitasunerako deia
Neurri horiek kontuan hartzea ondo dago, baina alarma piztea ere ez da komeni. Lehen ere lapurreta boladak izan dira, beraz, ez da lehen aldia. Gainera, arestian esan bezala, gurea da horrelako ekintza gutxien izaten den lurraldea.
Zoritxarrez, kasu horietan askotan gertatu ohi da atzerritarrei erru osoa leporatzea, ekintza arrazistei bidea irekiz. Estatistikek garbi diote ordea, lapurretak egiten dituztenen gehiengoa bertakoa, euskal herritarra dela.