Urtero moduan, eta jada XIV. aldiz, Txapel Eguna ospatuko da Zizurkilen. Martxoko bigarren larunbatean egiten da beti egun berezi hori, eta aurten ere horrela izango da. Zizurkil Goiko talde baten ideia izan zen Txapel Eguna antolatzea, garai batean hain ohikoa zen euskal ikurra baliatuz, herri giroan parte hartzen zutenak omendu eta giro hori bera bultzatu nahian. Orduz geroztik, batez ere Zizurkil Goiko herritarrentzat, urteko egun politenetakoa da Txapel Eguna.
Aurten zentroari txapela
Urtero pertsona bat omendu izan da, herrian parte hartze handia izan duen pertsona bat. Aurten ordea, gune bati Txapela ematea erabaki dute horretarako biltzen den batzordean, Zentroari alegia. “40 urtez herriko gune garrantzitsua izan da, herriko festa, proiektu eta ekintza ugariren gunea, eta hori omendu nahi izan dugu”, diote antolatzaileek. Zentroa epe motz batean hustu egingo dute eraikina bota behar dutelako. Horrela, urte hauetan izan dena omendu nahi dute Txapel Egunean. Antolatutako egitaraua aurreko urteetako bera da. Arratsaldeko lauetan mus txapelketa egingo da Zentroan bertan. Ondoren afal aurretik, txikiteo txapelduna eta txapel jaurtiketa egingo dira eta amaitzeko, Txapeldunen afaria. Hori ere, iaz bezala zentroan izango da, beraz omentzen den lekuan bertan egingo da afaria. Afarirako txartelak ere Zentroan bertan daude salgai. Hori bai egunaren izenak dioen moduan txapela buruan eraman beharko dute hurbildu nahi duten guztiek.
BLUES gaua egun berean
Txapel Egunaz gain ordea, Blues gaua ere izango da Zizurkilen egun berean. “Kontuan izan genuen Txapel Eguna zela eta hasieran otsaila amaieran edo martxoko lehen asteburuan egitea zen asmoa. Musikariek ordea, ezin izan zuten eta horregatik egun berean jarri dugu”, azaldu du Ainhoa Larrea Zizurkilgo Udaleko kultur teknikariak. Nahiz eta beste egun bat nahiago izan, bi ekitaldiak bateragarri ere izan daitezkeela nabarmendu du Larreak. Kontzertuak oso berandura arte izango dira eta horrela, Txapel Egunera joaten direnek afaritik atera eta festa herriko tabernetan buka dezakete”.
Bosgarren aldia da Zizurkilen Blues gaua antolatzen dela. “Ezer ez eta festa zikloaren baitan sortu zen Blues gaua. Ekitaldiak jendea dagoen gunera, tabernetara ekartzeko egitasmoa da Ezer ez eta festa”, azaldu du Larreak. Elbarrenako taberna ezberdinetan joko dute Blues taldeek, bata bestearen segidan.
Kontzertu mordoa
Hamar eta erdietan Stay Blues taldea ariko da Aurrera tabernan, euskal panoramako blues talde onenetakoa. Gauerdian berriz, Egarri tabernan Juan Bornor, Juan Schot & Juan Beer banda madrildarra ariko da. Ordubata eta erdietan, Atxulondo jatetxeak hartuko du lekukoa Speak low taldearekin. “Mestizaia lantzen duen taldea da Speek low”, zehaztu du Larreak. Goizaldeko hiruretan, Aurrera tabernan izango da azken kontzertua King Bee taldearen eskutik. “Iaz ere izan ziren Zizurkilen. Oso gustura gelditu ginen eta horregatik datoz berriro”.
Martxoaren 10ean beraz, Txapel Eguna eta blues doinuak uztartuko dira Zizurkilen.