Goizeko hamarretan jarri zen martxan txirrindulari taldea. Abiadura bizian ekin zioten ibilbideari. Helmugan, 39,9 km/h batez bestekoa bete zuten. Ihesaldi bat baino gehiago izan zen, baina azkenik Alkizako igoeran egindako erasoa izan zen erabakiorra. Azpiru taldeko Oscar Pujolek eta Fuenlabrada taldeko Gonzalo Zambranok erasoa jo zuten eta buruan zihoan taldetik alde egitea lortu zuten. 1’20”ko tartea izatera iritsi ziren bi txirrindulariak eta atzetik gogor aritu baziren ere, ez zuten lortu harrapatzea. Oscar Pujolek eraso gogorra jo zuen helmugatik kilometro batera eta garaipena lortu zuen. Gonzalo Zambrano segundu bakarrera helmugaratu zen eta hirugarren postuan iritsi zen lehen euskalduna, Lizarte taldeko Iker Aramendia nafarra. Berdintasuna izan zen eguneko protagonista nagusia, izan ere, helmugaratu ziren lehen hogeita bi txirrindulariek hamazazpi segunduko tartea besterik ez zuten izan.
Eguraldia lagun, zaletuek ez zuten galdu txirrindularien lana gertutik jarraitzeko aukera. Adunako igoeran zaletu ugari izan zen eta Zizurkilgo helmuga puntuan ere jende asko bildu zen.