Asteasun Joxe Irazu, Obaban Bernardo Atxaga. Biak ala biak elkar lotuta, izena eta izana. Eleberriaren unibertsoa eta idazlearen sorterria baliatuko ditu Euskaltzaindiak euskal idazlerik ezagunenari harrera ekitaldia antolatzeko. Etxekoak, lagunak, herritarrak, agintariak, euskaltzaleak eta euskaltzainak alboan izango ditu martxoaren hamazazpian. Zalantzarik ez urteko egunik garrantzitsuena izango dela idazlearentzat eta herriaretzat.
Asteasuko alkateak eta gainerako Udal ordezkariek harrera egingo diete euskaltzainei udaletxean, goizeko hamaiketan. Ohitura legez, prozesioan kiroldegiraino joango dira Udal ordezkariak eta euskaltzainak.
Ekitaldiaren hasieran oholtzan izango dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Iñaki Amenabar alkatea. Tradizioak agintzen duenari jarraituz, Ana Toledo eta Patxi Salaberri ekitaldi aretotik at egongo den Joxe Irazuren bila joango dira. Batzartokira sartu eta “Antzarak, zenbakiak eta letrak” titulupean asteasuarrak sarrera-hitzaldia emateari ekingo dio. Hari erantzunez Xabier Kintana euskaltzainak hitz egingo du.
Hitzaldiak amaituta, euskaltzainburuak Joxe Irazu euskaltzain aitortuko du, euskaltzain adierazten duten agiria eta domina emanez.
Ekitaldia borobiltzeko Asteasuko herritarrek eta eragileek idazleari esker ona adierazteko aukera izango dute.
Ekitaldi irekia
Asteasuko Udalak Euskaltzaindiarekin batera ekitaldian parte hartzera dei egiten dute. Udalak, gainera, jakinarazi du hamaiketakoa eskainiko duela ekitaldiaren amaieran.