“Epaiketak bizitza guztiz zatitu digu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko mar. 8a, 07:07

Larunbat honetan manifestazioa deitu du Bilbon 19/98+ plataformak.   Epaiaren azken erabakia hilabete gutxi barru jakingo da.

Gaur egun, zein da zuen egoera?
Nekane Txapartegi.
Aurreko astean zehar fiskalak zigor eskariak egin ditu eta asteartean, AVT-k akusazio partikular gisa. Fiskaltzak epaiketa osoan zehar ez du ezer frogatu, ezta AVT-k ere. Aurrez erabilitako argudio berak erabili zituzten eta gure militantzia politikoagatik zigortu nahi gaituzte. Fiskalaren ahotik PSOE-k hitz egin zuela baloratzen dugu. Sorpresaz harrapatu ez banau ere, kezkagarria da hamabost hilabeteren ondoren akusazioa bere horretan mantentzea. Zigor eskaria jaitsi egin da, baina urte kopuruarena ez da garrantzia duena, gure lan politikoagatik epaitu gaituztela eta espetxeratuko gaituztela baizik. Erabakia lehendik ere hartuta zegoela ikusten dugu, erabaki politikoa izan da eta ez epaitegikoa. Hasieratik esaten genuen hori eta agerian geratu da hori horrela dela. Gazteen sententzia eta atxiloketekin bidea markatu zuten, gurekin jarraituko dute eta hemendik aurrera bide hori zabalik geratuko da. Orain, azken hitzartzea egin beharko dugu eta ondoren, epailearen behin-behineko erabakiaren zain geratuko gara.

Hilabete asko luzatzen ari da 18/98 epaiketa. Pertsonalki, zer suposatzen du horrek?
N.T.
Bizitza guztiz zatitu digu. Lanerako, familia bizitzarako… Alde ekonomikotik begira ere eragin handia izan du. Hasiera batean, Madrilera begira egiten genituen planak eta orain, alderantziz gertatzen zaigu: burua han dugu eta hona begira gaude. Horretarako bakarrik gaude eta hori tristea eta kezkagarria da. Kasu batzuetan lana ere galdu egin dugu eta gure konpromiso politikoa zein pertsonala mugatuta dugu. Atera dezakegun gauza positibo bakarra gure arteko harremana izan da. Familia handi bat sortu dugu eta babes horrengatik izan ez balitz, ez litzateke eramangarria izango. Epaiketa asko luzatu da eta horrek kalean bigarren plano batera pasatzera ere ekarri du momentu batzuetan, bai luzea izan delako baita interesak egon direlako ere. Ekimen handiak egin izan direnean jende uholde handia mugitu da eta babes hori eskertzekoa da, baina luze izate horrek, egunerokotasunean jendea gurekin pixka bat ahaztea ekarri du.

Gizartearen babesa sumatu al duzue?
N.T.
Bai, batzuetan audientzian ere islatu da babes hori, behin baino gehiagotan Euskal Herriko gizarte eragile, sindikal eta politikoak gurekin izan baitira bertan. Nola ez, gure lagun eta senideen laguntza ere garrantzitsua izan da. Guk ere Euskal Herrian egin diren borrokak hara eraman ditugu eta gauden lekutik gure herriaren eskubideak aldarrikatu ditugu. Guk beti esan izan dugu eskubide zibil eta politikoak epaitzeaz gain, orokorrean Euskal Herriaren aurkako epaiketa dela. Guk hori islatu dugu eta jendeak babes hori itzuli egin digu. Ekimen handiak egin dira, baina herri askotan dauden lantaldeek ere lan handia egin dute, bai helburu ekonomikoei begira, baita gaia kalean mantenduz ere.

Epaiarekiko zein aurreikuspen duzue?
N.T.
Momentu politikoari begira, zigor eskaerak ez gaitu harritu. Epaiketaren ibilbidea ikusita, gure abokatuei jarritako zailtasunak, dokumentazio falta, gurekiko zuten jarrera, antzematen genuen zer gertatuko zen. Epaiketa su etenaren aurretik hasi zen eta PSOE-rekin ez dugu alderik nabaritu. PPren gobernuak hasi zuen epaiketaren instrukzioa eta PSOEk bazuen geratzeko aukera, baina hastea erabaki zuten eta batere bermerik gabeko epaiketa burutu dute. Botere judiziala independentea dela esaten da, baina agerian gelditu da hori ez dela egia...

Hauteskundeen atarian gaude, nola ikusten duzu egoera?
N.T.
PSOEri komeni zaionaren arabera joango da dena. Hamabost hilabete hauetan ezjakintasunean egon gara eta orain ere berdin gaude. Hauteskundeetan eta orokorrean prozesuaren baitan dituzten interesen arabera jokatuko dute, bai gurekin, baita ezker abertzaleari aurkezteko aukera emateko garaian ere. Ezker abertzaleak gatazka konpontzeko bidean pauso sendoak eman ditu. Beste aldetik berriz, ez dugu horrelakorik ikusi. Orain dute aukera bizi dugun blokeo egoeratik ateratzeko, ezker abertzaleari, dagozkion eskubideen jabe, aurkezten utziaz.

Zerbait gaineratu nahi al duzu?
N.T.
Epaiketa hau eskubide zibil eta politikoen kontrakoa izan bada ere, torturen gaiak ere zati garrantzitsua hartu du. Besteak beste bailarako auziperatuei protagonista izatea tokatu zaigu. Guardia Zibilaren esku jasandako torturen salaketa egin genuen baina fiskalak torturapean egindako deklarazioak froga bezala erabili ditu gure aurka.
Pertsonalki apustu handia izan zen torturaren testigantza publiko egitea, baina egin genuen eta torturatu guztien ahotsa izan gara. Bistan utzi dugu torturatzeko makinaria oso bat dagoela eta inpunitate osoa dutela torturatzeko. Gu torturatu gintuzten Guardia Zibilak han ziren perito gisa eta pertsonalki, lorpen handia izan da torturatzaileen aurrean jarri eta salaketa egin ahal izatea. Borroka honetan nik irabazi diedala sentitu dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!