Badira 39 urte Aizkardikoak mendi martxa hau egiten hasi zirela. 40.edizioaren atarian, aurreko urteetako arrakastari eutsi nahi diote aurten ere. Iaz 750 lagunek parte hartu zuten. “Urtez urte, parte hartzaile kopurua mantendu egiten da edo goraka egiten du,” zehaztu du Aizkardiko kide Gemak. Ibilaldi honetan parte hartzera geroz eta jende gehiago animatzeak erakusten du gauzak ondo egiten ari direla. Esaterako, iaztik, aurreko gauen Villabonan lo egiten gelditu nahi duenarentzat lekua prest izaten dute.
“Iaz lehen urtea zen eta hogei bat lagunek aukeratu zuten Villabon bertan lo egitea. Aurten baliteke jende gehiago hurbiltzea, iaz baino orduerdi lehenago izango baita irteera”.
Bi ibilaldi
Martxoaren 25eko goizean, parte hartzaileek bi ibilaldi izango dituzte aukeran, luzea edo laburra. Luzea aukeratzen dutenek goizeko sei eta erdietan izango dute irteera. 10 bat orduko ibilaldia izango da, 43 kilometro pasatxo dituena eta bi mila metroko altuera tartea. Ibilbide laburra aukeratzen dutenak berriz, goizeko zortzietan abiatuko dira, bost ordu eta erdi inguru iraungo duen martxan, 23 kilometro pasatxo egin beharko dituzte. Bi ibilaldiak Aizkardi elkartean abiatu eta amaituko dira. Mendi martxa hauetan ohikoa den bezala, ibilaldi neurtua izango da, hau da, kontrol guneetatik denbora tarte jakin batean pasa beharko da, ez gehiago eta ez gutxiago. Mendi martxa amaitzen dutenek diploma jasoko dute eta gainera, mendirako arropa eta materialen zozketan parte hartuko dute.
Izen ematea
Izen emateko bi bide daude. Interneten www.aizkardi.com web orriaren bidez edo bestela, telefono bidez, 649.717.182 zenbakira deituta. “Bide hauetatik izena eman ez duenak egunean bertan ere izango du apuntatzeko aukera”, azaldu du Gemak. Parte hartzaileei, beharrezko janari eta edaria eurak ekartzea gomendatzen zaie.