Ezertan hasi baino lehen, Joko Garbia zer den azalduiguzu…
Xabier Mitxelena: Joko Garbia, hiru lekutan jokatzen den pilota modalitatea da. Zestaz jokatzen da Frontoian, Plaza librean eta Errebotean. Frontoian bi biren aurka aritzen dira eta neguan izaten dira txapelketak. Plaza librean berriz, hau da, aurreko paretarekin soilik, hiru hiruren aurka izaten da. Plaza librean txapelketak udaberrian izaten dira. Azkenik errebotean jokatzen da, hemen bost bosten aurka aritzen dira eta hau ere udaberri-uda aldera izaten da. Guk hiru modalitatetan parte hartzen dugu.
Nola hasi zineten Joko Garbin?
X.B: Ni, plazan bizi naiz eta betidanik ikusi dut Joko Garbia. Gainera familiatik ere badatorkit, nire birraitonak ere jokatzen zuen. Horrela, 12 bat urterekin hasi ginen lagun batzuk. Handik pare bat urterako txapelketetan jokatzen genuen.
Txapel asko lortu al dituzue?
X.B: Bai, asko. Hala ere, Euskal Herri mailan oso gutxi lortu ditugu. Iparraldean oso maila ona dago, hemen baino garrantzia gehiago ematen zaio kirol honi. Horrela, hangoek irabazi ohi dute normalean. Hala ere, behin irabazi genuen Euskal Herrikoan, 98an, errebotean. Txapel horixe dut bereziki gogoan.
Aurtengoan Gipuzkoako txapeldun Jon Alejorekin izan zara, hala ere ez da zure ohiko bikotea, ezta?
X.B: Normalean Igor Alejorekin jokatu izan dut. Gertatzen dena da Gipuzkoako txapelketa Villabona eta Zubieta artean jolasten dela, eta azkenean beti bikote berak izanda, Jon eta Sergiok irabazten zuten. Hauek, lehen mailan daude Euskal Herrian, eta gu bigarrenean. Horrela, Gipuzkoarako nahastea erabaki genuen, partidak politagoak izate aldera. Azkenean Sergio lesionatu egin zen eta finala Zubietakoen aurka jokatu genuen. 40 eta 27 irabazi genien baina ondo jokatu zuten, geroz eta hobeto prestatzen dira Zubietan.
Villabonan bertan, zenbat lagun zabiltzate?
X.B: Gure mailan bost pertsonek soilik entrenatzen dugu. Gero gazteago batzuk ari dira, 14-15 urteko zazpi bat lagun. Aurten plaza librean jokatzeko taldea aterako dute. Gu eta haien artean ordea, ez dago inor. Bazeuden gu baino hiru bat urte gazteagoak, baina utzi egin dute. Kirol honetan ez dago profesionalik, denak amateurrak gara. Hala ere, jendea animatu nahiko nuke. Behar den materiala Behar Zanak ordaintzen du eta astean behin entrenatzen dugu, ez da esfortzu handia ere!
Egoera hobetzeko, zein da irtenbidea?
X.B: Gazteak dira irtenbidea. Agian eskoletan garrantzia gehiago eman behar litzaioke. Haurrekin pilota landu eta horren barnean modalitate ezberdinak jorratu beharko lirateke. Villabonak tradizio izugarria izan du beti, eta pena litzateke etorkizunean Joko Garbin edo Errebotean jokatzeko inor ez egotea. Nik ez nuke nahi, baina gerta daiteke.