Adunan martxan jarri berri dute sukaldaritza ikastaroa. Larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara egiten dute zita, mantalak jantzi eta buru-belarri zartagin eta labe artean ibiltzeko.
Lehen egunean hamairu ikasle bildu ziren Emilio Audikana irakaslearekin plater ezberdinak egiten ikastera, baina hurrengo egunetan jende gehiago batuko zaie. Iaz ere antolatu zuten gisa horretako ikastaro bat eta izandako arrakasta dela eta, aurten errepikatzea erabaki dute. Izandako arrakastaren lekuko, saioa hasi eta berehala egindako eskaera: saioak pixka bat luzatuz plater gehiago prestatzeko aukera izatea.
Batzuek lehen esperientzia zuten sukaldean, “beldurra kentzeko”, beste batzuk berriz, urte mordoa daramate etxeko sukaldean lanean eta “gauza berriak ikasteko helburuz” hurbildu ziren. Lehen saioan hiru plater prestatu zituzten. Postrearekin hasi ziren lanean: Anchosete kopa izenekoa prestatzen ikasi zuten, goiza hasteko modu gozoa, zalantzarik gabe.
Entzun eta egin
Emilio irakasleak esandakoak adi entzun eta bakoitzak bere apunteak hartu zituen ondoren etxean egin ahal izateko. Truko ezberdinak ikasteko aukera paregabea izan zuten ikasleek eta lanaren emaitza probatzeko aukera ere izan zuten. “Ikusiko duzue nola bigarren egunean norbaitek ontziren bat ekarriko duen hemen egindakoa etxera eraman ahal izateko”, esan zuen irakasleak barre artean. Sukaldean, beste gauza askotan bezala, egiten ikasten da, eta Emiliok horretan jarri zituen ikasleak. Postrea egiteko garaian osagaian nahasteko bolondres bat eskatu zuen eta txandakatuz aritu ziren bi ikasle. Bigarren platera egiteko garaian ere, ikasleen partaidetza nabarmena izan zen. Oilarra prestatu zuten, txakoli saltsa eta brokoli pureaz gozatuta. Lehendabizikoa irakasleak egin zuen, beharrezko azalpenak emanez eta bigarrena ikasleei utzi zien. Oilarra garbitu, zatitu, bete…, ikasitakoa praktikan jartzeko garaia iritsi zen.
“Sukaldea ez da itxia. Nik hemen gauza batzuk nola egin daitezkeen esango dizuet, baina ez da egiteko modu bakarra. Bakoitzak etxean bere modura egin dezake, hori da politena”, esan zien Emiliok Txulobin bildutakoei.
Maiatzaren 26an amaituko da sukaldaritza ikastaroa, hogei ordu bete ondoren. Ikasitakoa etxean praktikatzen hasteko garaia izango da. On egin!