Joan zen martxoaren 3an sinadura bilketa egin zuen Amasa-Villabonako Haurreskolako guraso eta hezitzaile talde batek. Haurreskolen Partzuergotik bi eta hiru urte arteko haurren zerbitzua kentzea proposatzen dute eta gurasoak horren kontra ageri dira. Bildutako sinadurak Foru Aldundiko Hezkuntza sailera aurkeztuko dituzte beste herrietan lortutako sinadurekin batera.
“Orain arte lau hilabetetik hiru urte bitarte egon zitezkeen haurrak haurreskolan. Haurreskolen Partzuergotik bi eta hiru urteko haurrentzako maila hori kendu nahi dute. Gure ustez, haurrentzat garrantzitsua da jarraipen hori izatea eta hala dio Donostiako Unibertsitateko pedagogo batek ere. Herriko eskoletan adin tarte horretako haurrak hartzen dituzte, baina ez da gauza bera, umearen beharren arabera guztiz moldatzen baita haurtzaindegia. Gurasoentzat ere zailagoa da moldatzea, eskolan opor luzeagoak dituzte, ordutegia ere ezberdina da…, familia eta lana bateratzea ez da batere erraza izango zerbitzu hori kentzen badute”, diote gurasoek.
Datorren ikasturtean bi eta hiru urtekoen gelan egon beharko luketen hogeita zazpi haur daude Amasa-Villabonako haur eskolan. Gurasoek diote ez dakitela zer gertatuko den, “Dagoeneko eskoletan aurrematrikula egiten ari gara, badaezpada. Hezitzaileentzat ere kaltegarria da maila bat kentzea, izan ere, zenbat eta ume gutxiago, orduan eta hezitzaile gutxiago beharko baitituzte. Horregatik, pentsatzekoa da maila bat kentzeko erabaki hori arrazoi ekonomikoengatik hartu dutela”.