Txikien gurasoak kalera irten dira protesta egitera, funtsezko ikusten duten 0-3 urteko zikloari eusteko. Egoera beretsuan daude bi herrietan, nahiz eta aferaren iturburua ezberdina izan.
2006ko udazkenean Andoaingo Galardi Udal haurtzaindegian nahikoa tokirik ez zegoen. Haur gehiegi herrian eta denentzat tokirik ez, horixe zen Udal agintarien eta gurasoen burukomina. Sintomak arintzeko neurriak hartu behar eta, bidegurutze horretan, elkar topatu ezinezko norabidea hartu zuten Udalak eta gurasoek.
Gurasoek Udalari gaiaren inguruko eztabaida eskatu zioten zerbitzua hobetu eta etorkizuna bermatzeko. Aldeko zituzten Galardiko hezitzaileak, “0-3 urteko zikloa hausten bada, haurreskolaren helburua baliogabetzen da”. 28 urteko esperientziaren ahotsa zen.
Udala, bere aldetik, jakitun zen hiru urteko haurrei ikastetxeetan zerbitzua eskaintzeko aukera ematen ziela gobernuak. Udal agintarientzat Galardi etorkizunera egokitzeko modurik egokiena zikloa murriztea da eta, dagoeneko, batzarraldian aurrera atera da 0-2 urteko zikloa eskaintzeko Gobernu taldearen proposamena.
Haizeak eraman ditu gaiaren inguruan, iazko azaroan, hitzartu ziren alde guztien arteko eztabaidak eta egoeraren inguruko azterketa teknikoa. Andoaingo Udalak otsailean egin zen batzarraldian aurreratu bezala, Haurreskolen Partzuergoan sartu nahi dute Galardi.
Partzuergoak berarekin dakar 0-2 urteko zikloa. Horixe izango da Villabonako Seaskaren etorkizuna. Arrazoi pedagokikoak kontuan hartuta abiatu dute protesta Villabonako gurasoek. Galardiko hezitzaileek diotenarekin bat datoz, “Oreka on bat lortu ahal izateko, erreferentziazko pertsona ezinbestekoa da. Irudi hori mantenduz eta haurra bere osotasunean hartuta, bere behar fisiko, afektibo eta intelektualei erantzun egokia emateaz gain, eskolak ziurtasuna eman behar dio. Maitatua sentitu behar du, onartua. Ingurua ezaguna izateak, betiko lagunak, familiarekiko harreman estuak…, jolasteko, ikasteko, jateko, lo egiteko, garbiketarako…, hainbeste maite duen pertsona hori ondoan edukitzeak emango dio haurrari benetako indarra eta benetako konfidantza.”
Haurreskolak Partzuergoan, aldiz, printzipio orokorrak eta erabaki metodologikoak bestelakoak dira. Zera adierazten da Partzuergoaren helburu nagusi bezala: “Euskal Autonomia Erkidegoan Haurreskolak sortu da. Haurreskolak Partzuergoa erakunde publikoa da, nortasun juridiko propioa du eta erakunde kideengandik independentea da. Euskadiko udalerrietan 0tik 2ra bitarteko haurrentzat sortutako Haurreskola publikoen kudeaketa osoa egitea da Partzuergo horren funtzioa”. Haurreskolak Partzuergoaren asmoa bikoitza dela diote: Haurreskoletan matrikulatutako haurrei hezkuntza osoa ematea eta familiei gizarte laguntza ematea.
Irtenbidea, haurreskola pribatua
Erakunde publikoaren apustua 0-2 zikloaren alde garbi dagoelarik, 0-3 urte zikloari eutsi nahi dionak Haurreskola pribatuetan bilatu behar irtenbidea. Zabaltzear da Andoainen Bihurri Haurreskola. 0-3 urte bitarteko haurrentzat zerbitzua eskaintzen du, eta ludoteka 3-10 urte bitartekoentzat. Informazio osoa, bihurri.net webgunean. Andoaingo zabalgunean kokatuta dago eraikina.