Amaitzear dagoen agintaldi honetan herriak izandako aldaketak nabarmenak izan dira eta horien inguruan aritu da Jon Urkaregi.
Alkatetzara iritsi zinenean, ez zenuen esperientziarik, nolakoak izan ziren lehen hilabete haiek?
Jon Urkaregi. Esperientzia ona, baina gogorra izan zen. Sorpresaz iritsi nintzen alkatetzara. Dena berria zen, dena ikasi beharra. Gainera, Udalean sartu eta berehala hasi ziren obrak herrian, eta mundu hori ez nuen ondo ezagutzen. Aurreko legegintzalditik hiruk jarraitzen zuten eta haien esperientzia oso lagungarria izan zen.
Jaiotzez ez zara larrauldarra. Alkatetzari begira, arazorik sortu al dizu horrek?
j.u. Alkatetzara iristearekin harrituta geratu zen lehena neroni izan nintzen. Bi urte neramatzan Larraulen bizitzen alkatetza hartu nuenean. Jendeak ez ninduen ezagutzen eta nik ere ez nuen jendea ezagutzen. Hori zailtasuna izan zitekeen, baina agian jendeak tarte gehixeago ere utzi zidan horrexegatik. Lau urte hauetan elkar ezagutu eta hasierako zailtasun hori gainditu dela uste dut.
Agintaldia beteta, zein da zure balorazioa?
j.u.Orokorrean, balorazio ona egiten dut. Legegintzaldi mugitua izan da, Larraulen ez zen inoiz egin horrenbeste obra batera eta horrek mugimendu handia sortu du. Astero zegoen gorabeheraren bat obren inguruan. Atzera begiratuz gero, gauzak egiten ari direla ikusten dugu eta herria txukun geratzen ari dela iruditzen zaigu. Orokorrean jendea gustura geratu dela esango nuke, nahiz eta oso zaila den denen nahiak asetzea. Kulturgunea ere egin da eta oso argi ez zeuden proiektu batzuk aurrera ateratzeko aukera izan da. Alde horretatik, gustura gaude. Dagoeneko zerbitzu gehienak udaletxetik Kulturgunera pasa ditugu. Liburutegia da tokiz aldatu ez dugun bakarra, dirulaguntza batzuen zain gaudelako. Jendea eraikinarekin gustura dagoela ematen du.
Asmoren bat geratu al zaizue bete ezinda?
j.u.Lehentasun bat zegoen: egiten zena ondo egitea. Aurreko legegintzaldian arau subsidiarioak aldatu zirenean, ejekutatzeko gauza batzuk finkatuta zeuden eta denak egin dira. Etxebizitza aldetik, arauak agortu egin dira. Lehentasuna horri eman zaio eta egin da. Ziur aski, gauza asko geratu da egin gabe, obrek sortu duten mugimenduagatik bigarren maila batean utzi ditugulako. Haurtzaindegia irekitzerik ez genuen izan gure eskumenetik kanpo geratzen diren arrazoiengatik. Partzuergotik erabaki zuten herri txiki batean pertsona bat izatea garesti ateratzen zela eta Asteasuko Haurreskolan tokia zegoen bitartean, hara eraman behar ditugula haurrak. Eraikina prest dago eta ludoteka bezala erabiltzen da, etorkizunean aukera izango balitz eta beharra dagoela ikusiko balitz, irekitzeko moduan legoke.
Datorren hauteskundeetara aurkezteko asmorik ba al duzu?
j.u.Ez. Lan arrazoiengatik, alkatetza uzteko erabakia hartu dut. Zaila egingo zait alkatetza eta lana bat egiten, eta gauzak gaizki egin baino, nahiago dut uztea. Bi zinegotzik ere agertu dute Udala uzteko asmoa, beraz, jende berria sartuko da. Ideia berriak dituen jendea sartzea ondo etorriko da. Udaberri aldera hauteskundeetara aurkezteko deialdia egingo da eta bost pertsonako taldea osatuko da. Bost horien artetik aukeratzen da alkatea. Jendea animatu nahiko nuke parte hartzera. Gu laguntzeko prest gaude.
Non ikusten duzu datozen urteetako udalgintzako gakoa?
j.u.Nire ustez erreflexiorako tarte bat hartu behar da. Guk ez dugu horretarako astirik izan. Etxebizitza aldetik, arau subsidiarioak agortuta geratu dira eta beharbada, hori aztertu beharko litzateke, aldaketarik egin behar ote den edo ez. Niri pena bat geratu zait, etxebizitza tasatu gehiago egin ez izana. Lau egin dira eta herriko zortzi gaztek eman zuten izena. Lau kanpoan uzteak pena eman zidan. Agenda 21eko proiektuan sartuta gaude eta herritarrekin biltzeko dinamika sortu da. Hori aprobetxatuz denon artean hausnarketa egin behar dela iruditzen zait. Herriak aldaketa handiak izan ditu eta jende berri asko etorri da. Hori nola kokatzen den, zein giro sortzen den…, aztertu eta hitz egin behar da.
Zerbait gaineratu nahi al duzu?
j.u.Eskerrak eman nahi dizkiet laguntza eman diguten guztiei. Jendeak egindako harrerarekin gustura nago eta hori eskertzekoa da.